Kontzertu Ekonomikoa
Erreakzioak.- Lehendakaria, pozik blindatzearekin
Erredakzioa
"Lorpen izugarria" dela esan du EAJk, baina kezkatuta agertu da Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea erkidegoren batek errekurri dezakeelako.
Senatuak Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea onartu ostean, Patxi Lopez lehendakaria pozik agertu da eta "zerga arauak momentu oro epaitegien erabakien zain egotearekin amaitu behar" duela esan du, dagoeneko horrela "denbora gehiegi daramagulako".
Kontzertu Ekonomikoa "gainerako erkidegoekiko elkartasun falta eta pribilegio gisa" aurkezteari utzi behar du "garai berri honek", Lopezek komunikatu batean azaldu duenez.
Bestalde, gertatutakoa "lorpen izugarria" dela esan du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, eta euskal gizartea "pozik" izan behar dela erantsi du.
"Gaur onartuko dena ez da pribilegio bat euskal autogobernuaren bidezko babesa baino", esan du osoko bilkuraren hasieran.
PPri eta Errioxako eta Gaztela eta Leongo gobernuei Kontzertuaren blindatzea "ez judizializatzeko" eskatu die Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak, "ez diolako inori eraso egin nahi, justizia egin baino".
"Pozik egoteko eguna da gaurkoa", PSErentzat zein "euskal autogobernuarentzat", Pastorren hitzetan.