Aurrenekoz
Duela 4.000 urteko gizon baten genoma ebatzi dute
Erredakzioa
Duela 5.500 urte izan zen migrazio bat ezagutzea ahalbidetu du Nature aldizkarian argitaratutako ikerketak. Gizon baten ilea aztertu zuen Kopenhageko Unibertsitateko zientzialari taldeak.
Duela 4.000 urte bizi izan zen gizon baten genoma ebatzi du ikerlari talde batek, Nature aldizkariak aste honetan argitaratu duenez. Gizonaren gorpuzkinak izoztuta mantendu dira Groenlandian eta horrek azterketa erraztu du.
DNA askatzeko tekniketan aurrerapausoa izateaz gain, duela 5.500 urte gertatu zen migrazio bat ezagutzea ahalbidetu du ikerketak.
Siberiatik Amerikara gizakien migrazio bat izan zela erakusten dute datuek, baina egungo amerikarrak eta eskimalak sortu zituenaren ezberdina.
Eske Willerslev zuzendutako zientzialari taldeak ''Inuk'' izeneko gizon baten ilea aztertu zuen Kopenhageko Unibertsitatean. Gizonaren DNA aztertu ostean, ilearen lodiera eta azalaren kolorea jakin ahal izan dute.
Datu gutxi
Aurkikuntza oso garrantzitsua da, izan ere, orduko eta zonako gizaki taldeen oso datu gutxi dira, euren kulturaren aztarna arkeologikorik ia ez dagoelako.
Hala ere, gizona duela 4.000 urte Groenlandian bizi izan zen kulturaren ordezkari ez izatea posible dela ohartarazi dute ikerlariek.
Zientzialarien arabera, ileetatik edo hezurretatik ateratako datu genetikoak desagertutako kulturetako lagunen hazpegiak identifikatzeko balio dezakete.