Balizko zentsura
Googlek baieztatu du Gmailen jarduerak behera egin duela Iranen
Erredakzioa
Iragarpenak baieztatu egingo luke Iranek zerbitzua blokeatu duela, The Wall Street Journal egunkariak aurreratu zuenez.
Google erraldoi informatikoak baieztatu egin du bere Gmail zerbitzuaren jarduerak beherakada handia izan duela, konpainiaren sareak ondo badaude ere. Horrenbestez, horrek baieztatuko luke Teherango erregimenak zerbitzua blokeatu duela.
"Irango erabiltzaileek kontatu digute arazoak dituztela Gmailen sartzeko", esan dio Googleko bozeramaile batek Reuters agentziari.
Balizko blokeoa The Wall Street Journal egunkariak aurreratu zuen. Bere esanetan, Iranek posta elektroniko zerbitzu nazionala sortu nahi duelako abiatu du blokeoa.
Egunotan, Errepublika Islamikoaren 31. urteurrena da, eta ondorioz hainbat manifestazio deitu dituzte, Gobernuaren alde zein kontra.
AEBetako Estatu Departamenduak ez du baieztatu Iranek Gmail blokeatu duen, baina herritarrei informazio askatasuna ukatzeko ahaleginek porrot egingo dutela ohartarazi dio.