Iraultzaren urteurrena
Istiluak Poliziaren eta manifestarien artean, Iraneko hirietan
Erredakzioa
Gutxienez ehun bat lagun atxilotu dituzte Mashadeko hirian. Segurtasun indarrek oposizioko manifestarien aurka tiro egin dute Teherango erdialdean.
Segurtasun indarren eta oposizioko taldeen artean istiluak izan dira gaur Iraneko zenbait hiritan, iraultzaren 31. urteurrenean, oposizioko webguneek jakitera eman dutenez.
''Jaras'' (oposizioko mugimendu berdearen gunea) atariaren arabera, gutxienez ehun bat lagun atxilotu dituzte Mashaden eta hogei bat Shirazen, Estatuko hegoaldean.
Liskar bortitzenak Isfahan hirian jazo dira, herrialdeko erdialdean, izan ere, zenbait pertsona zauritu dira, ''Jaras'' atariak jakinarazi duenez, baina zifrarik edo zehaztasunik eman gabe.
Manifestaldiak eta protestak Ahvazen (Irakeko mugan) errepikatu direla azaldu dute iturri berdinek.
Beste iturriek ezin izan dute informazioa baieztatu, Irango agintariek atzerriko komunikabide urriei ezarritako murrizketak direla-eta.
Teheran
Bestalde, segurtasun indarrek tiro egin dute eta gas negar-eragilea bota diete Mir Hossein Musavi oposizioko buruaren jarraitzaileei, Teheran erdigunean egiten ari ziren manifestazio batean.
Protestetan, Poliziak eraso egin die Mehdi Karubi oposizioko buruari eta Mohamed Jatami presidente ohiari.
"Segurtasun indarrek eraso egin diote Karubiri Teheran erdigunean, eta autoaren leihoak hautsi dizkiote", Jaras webgunearen arabera. Halere, dirudienez, ez dute larri zauritu.
Halaber, Zahra Eshraqi (Ruhola Jomeini aiatolah Errepublika Islamikoaren sortzailearen biloba) eta horren senarra, Mohamed Reza Jatami (Mohamed Jatami presidente ohiaren anaia) atxilotu egin dituzte.
Errepublika Islamiarraren 31. urteurrena ospatuko dute gaur Iranen, eta egun hori dela eta, hainbat manifestazio deitu dituzte Gobernuaren aldekoek zein kontrakoek. Horrek handitu egin du kaleetan istiluak izateko arriskua.
Europar Batasuna
Demokraziaren eta giza eskubideen aldeko manifestariak "babesten" ditu Europar Batasunak, adierazi du Catherine Ashton EBko ordezkariak.
Irango azken hauteskundeetan gertatu zen bezala (Mahmud Ahmadinejad presidenteak irabazi zituen baina iruzur salaketa ugari izan ziren), herritarrak Twitter erabiltzen ari dira segurtasun-indarraren errepresioa berriro ere salatzeko.