Itxi

Osasun erreforma

Gaixoen segurtasuna hobetzearen alde agertu da Eusko Jaurlaritza

Erredakzioa

Osasun Sailak infekzioekin eta sendagaiekin lotutako arazoak gutxitzeko asmoa du. "Epe laburrean" osasunak jasangarritasun arazoak izango dituela onartu du Bengoak.

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Euskadiko ospitaleetan gaixoei segurtasun handiagoa ematearen alde agertu da gaur. Horrela, infekzioekin eta sendagaiekin lotutako arazoak gutxitzea dute xede.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Eusko jaurlaritzak proposatzen duen osasun erreformak pazienteak eta gaixo kronikoak ardatz izango dituela zehaztu du Bengoak.

Bengoak ohartarazi duenez, osasun zentro batera joatean "ezbehar" bat izateko % 9-10eko aukera dago. Horregatik, "ezbehar horiek ekartzen dituzten infekzioak eta sendagaiak sortzen dituzten arazoak" murrizteko lan egingo dute.

Halaber, Osasun Sailak arreta berezia jarriko du gaixo kronikoengan, euskal biztanleen heren bat. Alde batetik, "urte eta erdi barru" Euskadi guztian errezeta elektronikoa martxan egongo da. Bestalde, herritarrek kanal anitzeko zirkuitu baten bidez, sakelakoan edo Interneten bidez sendagaia hartu behar dutela gogorarazten duen abisua jasoko dute.

Bestalde, "epe laburrean" osasunak jasangarritasun arazoak izango dituela onartu du. Bere ustez, gastuak murrizteko politika guztiak kontuan hartu beharko dira, osasun sistema publikoa mantendu ahal izateko.