Itxi

Lurrikarak hilabete

Euriteak, Haitiko mehatxu nagusia lurrikara jazo eta hilabetera

Erredakzioa

Haitiarrak euriteei aurre egiteko prestatzen hasi dira, 217.000 pertsona hil eta milioi bat baino gehiago etxe barik utzi zituen lurrikara jazo zenetik hilabete bat betetzen den honetan.

Gaur hilabete bat betetzen da Haiti hondakin bihurtu zuen eta 217.000 pertsona hil zituen lurrikara suntsitzailea jazo zenetik.

Guztira, milioi bat pertsona baino gehiago etxe barik geratu dira, eta orain, aste batzuen buruan hasiko den euri denboraldia da kezka nagusia. Hori dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) 200.000 kanpin-denda eskatu ditu, etxerik gabekoei aterpe emateko, eta 18.000 komun, izurriteak ez hedatzeko.

Gainera, Gobernuaren iturri baten arabera, nazioarteak 50.000 karpa ematea promestu du.

Lehen euriteak nabaritzen hasiak dira eta ikara zabaldu dute hainbat lekutan, Petion Ville eta Champ de Mars herrietan, kasu. Herritarrak nonahi korrika ikus daitezke, aterpe bila.

Baina hurrengo asteetan eta hilabeteetan gerta litekeenaren aurrerapena baino ez da, babeslekurik ez dutenak karpetan sartzea lortu ezean behintzat.

"Hurrengo hilabetean euria baino ez da izango hizpide. Haitiarrek eurien aurkako babeslekuak izatea behar dugu. Arnas aparatuko infekzioak ugaritzen ari dira nabarmen", adierazi du Genevatik Lizzi Babister CARE International GKEko aholkulariak.

Euriteek ezustean harrapatu dituzten haitiarrak haserre agertu dira babesgabe sentitzen baitira, eta bat-bateko protesta bat egin dute. "Estatuak zaindu egin behar gaitu", salatu dute protestetan parte hartu duten hainbat pertsonak. Beste batzuek kritikatu dute ez dutela ezer euritik babesteko, "ezta plastiko bat ere lurrean jartzeko".

Tragedia oroitzeko ekitaldiak

Bien bitartean, Haitiko Gobernuak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurko, tragedia ez ahazteko. Adibidez, gaurkoa dolu egun nazionala izendatu du.

Paul Antoine Bien Aime Barne ministroak aurreratu du hiriburuan eta beste hainbat tokitan zeremoniak egingo dituztela, eta herritarrei beltzez eta zuriz janzteko eskatu die. Eremu kaltetuetan, gainera, ekitaldi soziokulturalak egingo dituzte.

Egoera humanitarioa

Babeslekuak eta segurtasuna ez ezik, elikagaien banaketa ere lehentasuna da oraindik lurrikara jazo eta hilabetera.

Gobernuak zehaztu duenez, urtarrilaren 31tik 5.200 tona elikagai banatu dizkiete 1.200.000 pertsonari. Halaber, gaur Joanas Gue Nekazaritza ministroak elikagaiak ekoizteko plan bat aurkeztuko du Erroman.

Dena dela, banaketa hobetu bada ere, elikagaiak ez dira oraindik leku askotara heldu.

Albisteak (1)