Itxi

Alierta eta Google

Bilbotik NYera, eitb.com-etik pasatuz

L.S

Erredakzioa

eitb.com-ek argitaratutako Telefonicako presidentearen bideoa zabaldu da Wall Street Journal-era heldu arte. Bideoan, bilatzaileei sarea erabiltzeagatik kobratuko diela ohartarazten du Aliertak.

Joan den ostiralean, César Alierta Telefónica enpresako presidenteak bilatzaileei ohartarazi zien Bilbon sarea erabiltzeagatik kobratuko diela; eitb.com-ek adierazpena jaso zuen bideo batean eta, hala, bere hitzak zabaldu zituen munduko txoko guztietara.

Wall Street Journal-etik Zelanda Berriko Herald-era arte, Die-Welt alemaniarretik igaroz, bere hitzak bildu zituzten, eta zenbait kasutan, New Yorkeko egunkari ekonomikoan bezala, ETB telebista-katea aipatzen dute (testua ikus daiteke Google News-en bilaketa-esteka honetan, Wall Street Journal-en linkean klik eginez ondoren).

Aliertaren hitzaldiaren ondorengo lehenengo kronikak burtsako krisiak edo fusioak bezalako ekonomia "tradizionala"ren esparruetan oinarritzen ziren, eitb.com-ek aipatutako bideoa eskegi zuen arte. 7 minututan zehar, konpainia espainoleko presidenteak Interneteko bilatzaileek "ezer ordaindu gabe" euren sarea erabiltzen dutela adierazi zuen. Aliertaren esanetan, "hori ezin da horrela jarraitu", "hori aldatuko da". "Inteligentzia sarean dago eta sareak gureak dira" hitzak ere esan zituen.

Arratsaldeko 5ak aldera bideoa eskegi zen arren, larunbatera arte ez zen benetan hedatu.

Twitter, Facebook, Blogak

Larunbateko eguerdian, gazteleraz idazten duten Twitter erabiltzaile eraginkorretako batzuek (Ignacio Escolar, Antonio Delgado eta José A. Pérez, besteak beste) euren milaka jarraitzaileei bidali zieten esteka, "microblogging" (140 karaktere baino gehiago onartzen ez dituen erreminta) formatuko komentarioekin batera.

Ondorengo orduetan, Twitter mezu hori etengabe berbidali zen bideoaren estekarekin, egungo 650etara heldu arte. Facebooken, 280 pertsonek partekatu dute euren lagunekin eduki hori orain arte. Eta argitaratu zenetik, 20.000 bider ikusi da bideoa.

Twitter bidezko lehengo efektua eman ostean, analisi sakonagoak heldu ziren. Hainbat blogetan ipini zuten esteka albistearen iturri originalera; esaterako, Enrique Dansek bere postaren hasieran jarri zuen bideoa ikusteko linka.

Bideoak (1)