Otsailaren 23an
CCOO eta UGT pentsio sistema aldatzearen kontra kaleratuko dira
Erredakzioa
Erretiro adina 65 urtetik 67ra luzatzeko Gobernuaren asmoaren aurka egingo dute manifestazioa sindikatuek. Euskadin, otsailaren 27rako deitu dute manifestazioa CCOO eta UGT sindikatuek.
Sindikatuak pentsio sistema aldatzearen (erretiro adina 65 urtetik 67ra luzatzeko asmoa du Gobernua) kontra kaleratuko dira datorren otsailaren 22a eta martxoaren 6a bitartean.
Deialdi zabalena 23an izango da Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian. Euskadin otsailaren 27an kaleratuko dira CCOO eta UGT sindikatuak.
Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxo UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiek prentsaurrekoan jakinarazi dutenez kaleratzeen egutegia ez dago oraindik itxita.
Espainiako Gobernuak urtarrilaren 29an onartu zuen erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67ra atzeratzea, pentsioen sistema mantentzeko erreforma planaren baitan.
Horrez gain, jubilaziorako adin berria ezartzeko data oraindik zehaztu gabe dagoela erantsi zuten. Data hori Toledoko Hitzarmenaren Batzordean erabaki dezakete.