Itxi

Bosgarren urtea Bartzelonan

Sakelako telefonoen azken tendentziek bat egingo dute Bartzelonan

Erredakzioa

Sakelakoen nazioarteko biltzarraren berritasun nagusiak aplikazio garatzaileak eta laugarren belaunaldiko telefono mugikorren erakustaldiak izango dira. 55.000 bisitaritik gora espero dituzte.

Bartzelona sakelako telefonoen munduko hiriburua izango da lau egunez. Sektoreko enpresa handiek bat egin dute Mobile World Congress, telefonia mugikorren teknologien nazioarteko biltzarrean. Astelehenean hasi eta ostegunean itxiko ditu bere ateak Bartzelonako Firan.

Aurtengo berritasun nagusia, lehenengoz sakelakoentzako aplikazio garatzaileak bilduko dituen App Planet ekitaldia izango da. Azkenaldian aplikazioak bogan daude eta era guztietako zerbitzuak sakelakoan izateko parada eskaintzen dute, adibidez, mapak bat edo pisua galtzeko programa bat.

Sakelako adimendunen (Iphone, Windows, Android-Google, Blackberry, Palm) sistema eragileetarako aplikazioek negozio bikaina sortu dute. Gainera, telefonia mugikorreko operadoreen datuen negozioa bultzatzen ari dira. Ekosistema hori guztia biltzarrean izango da ikusgai.

Aplikazioak oso azkar garatu dira teknologiari esker. Batetik, Interneten banda mugikorraren zabalera gero eta handiagoa da eta bestetik, egungo sakelakoek orain dela lau urteko ordenagailuek baino gaitasun handiago dute.

Laugarren belaunaldiko telefonia mugikorra

Telefonicak laugarren belaunaldiko telefonia mugikorraren erakustaldi bat egin du. Sare fabrikatzaile guztien standetan izango da TeliaSonerak Suedian eta Verizonek AEBetan ezartzen ari den teknologia hori.

Telefono mugikor bidezko makinatik makinarako komunikazioek ere bere tokia izango dute autoarekin batera. Komunikazio eta Informazio Teknologien sektorean gero eta presentzia handiagoa du autoak. Horrenbestez, Alcatel-Lucentek eskainiko duen laugarren belaunaldiko telefonia mugikorraren erakustaldiko protagonista izango da.

Bosgarren urtez ospatu dute Mobile World Congress Bartzelonan, aurtengoa bigarren krisialdian. Dena den, antolatzaileek iaz baino bisitari gehiago hartzea espero dute, 182 herrialdetik gorako 47.000 bisitari izan zituzten. Aurten 55.000 baino gehiago aurreikusi dituzte eta 1.300 erakustoki jarriko dituzte.