Derrigorrezko Hezkuntza
30.000 matrikulazio eskakizun, EAEn
Erredakzioa
Arabak 4.545 eskakizun bildu ditu, Bizkaiak 15.346 eta Gipuzkoak 9.824. Asteartean, otsailak 16, matrikulazio epea itxiko dute eta apirilaren 30ean, behin betiko emaitzen berri emango dute.
Otsailaren 1ean abiatu zen matrikulazio kanpaina EAEn eta hurrengo asteartean amaituko da. Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, atzora arte, 29.715 matrikulazio eskakizun tramitatu dituzte 2010/2011 ikasturterako Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn.
Hurrengo asteartean, otsailak 16, Hezkuntza Sailak ohiko epean egindako matrikulazio eskakizunen behin betiko datuak jakitera emango ditu. Herrialdeka eta mailaka banakatuta eskainiko dituzte, eta baita ikastetxeak eskaintzen ez dituen ereduen eskakizunak zehaztuko dituzte ere.
Martxoaren 30ean, barematu beharreko eskakizunen datuen berri ematea aurreikusi dute. Horrez gain, ikastetxeek onartutako eskakizunak eta Hezkuntza Saileko lurralde ordezkaritzek ebatzi beharrekoen datuak emango dituzte.
Azkenik, apirilaren 30ean amaitutzat emango dute prozesua eta emaitza guztizkoak argitaratuko dituzte.
Atzo gaurkotutako datuen arabera, Arabak 4.545 eskakizun bildu ditu, Bizkaiak 15.346 eta Gipuzkoak 9.824. Mailei dagokionez, Haur Hezkuntza 1ek 16.138 eskakizun zenbatu ditu, Haur Hezkuntza 2k guztira 4.339, Lehen Hezkuntzak 1.524 eta DBHk 7.714.