Larunbatean 22:00etan
Vila-real-Athletic: Urrats bat ematea falta da
Haritz Gallastegi
Lezama
Era horretara, bere jokalarien konfiantza indartu ez ezik, kontrarioen motibazioa galaraziko luketela uste du entrenatzaileak.
Madrigal ez da zelai aproposa Athleticentzat. Egiari zor, azken denboraldiotan oso talde gutxirentzat izan da zelai ona. Vila-realek sekulako maila erakutsi du eta oso zaila izan da urpekari horia mendean hartzea. Denboraldion atzerapausu bat eman duela dirudi, eta hori aprobetxatu gura du Athleticek emaitza ona eskuratzeko. "Guk 33 puntu ditugu eta konfiantzaz gaude”, esan du Caparrosek".
Athleticek ez du maila ona eman azken irteeretan. Ono Estadin, Riazorren eta Cornellan huts egin zuen urtarrilean eta Europarako txartela ematen duten postuetan sartzeko aukera galdu zuen. Caparrosek ez du beste aukera bat pasatzen utzi gura. "Gero damutu egin gaitezke eta".
Zuri-gorriak baikor izateak ez du esan gura neurketa samurra izango denik. Athleticek aurrean izango duen taldea ona da. "Vila-realek ondo jokatzen du futbolean. Goi mailako jokalariak ditu eta min hartutakoak ordezkatzeko bigarren talde indartsua dauka".
Yeste eta De Zerio ez dira osatu
Gabilondo eta De Marcos dira zerrendako berritasun nagusiak. Iturraspe eta De Zerio, berriz, kanpoan geratu direnak. Aurrelari donostiarrak arazo fiskoak ditu. Baita Fran Yestek ere. Basauritarrak minduta dauka orkatila eta deialditik kanpo geratu da bigarrenez. Bestalde, datorren astean Europako Ligako partida jokatu beharko dutela aintzat hartuta, baliteke Caparrosek txandatzeak egitea. Susaeta eta De Marcos izan daitezke berritasunetatik bi.
Athletic: Iraizoz; Iraola, Ustaritz, Amorebieta, Koikili; Gurpegi, Javi Martinez, Orbaiz, Susaeta; De Marcos eta Llorente.
El Madrigal
22:00
Clos Gomez