Malaga
16 hilabeteko umea toxikatuta, kalamu zati bat irentsita
Erredakzioa
Aitak esan du "dena istripu bat" izan dela, izan ere, aipatu kalamu zatia berak utzi zuen egongelako hautsontzian eta handik hartu zuen haurrak.
33 urteko gizonezko bat atxilotu dute Malagan, haren 16 hilabeteko semea kalamua hartzeagatik toxikatu ostean. Aitak azaldu duenez, porru bat erre zuen eta hautsontzian utzi zuen kalamu zati bat hartu zuen semetxoak.
Gertakariak goizaldean jazo dira. Semea logurarekin eta ondoezik zegoela ikusita, Malagako haur ospitale batera eraman zuten gurasoek. Froga ezberdinak egin ostean, analisiek erakutsi zuten kalamua hartzeagatik toxikatuta zegoela.
Gauzak horrela, Poliziak galdeketa egin zion aitari eta honek "dena istripua" izan zela adierazi zien, kalamua hautsontzian utzi zuela eta umeak handik hartuta irentsi zuela.
Aitak onartu du kalamua eta haxixa erretzen dituela. 33 urte ditu eta epailearen esku utzi dute. Bitartean, amak hartu du semea zaintzeko ardura.