Lan-gatazka
Lan erregulaziorako espedientea iragarri lezake gaur La Navalek
Erredakzioa
Komunikabide batzuen arabera, lan espediente horrek behargin guztiengan izango luke eragina. Enpresa batzordeak salatu du balizko neurri horren berri prentsaren bitartez izan dutela.
La Navaleko zuzendaritzak lan erregulaziorako espedientea aurkezteko asmoa daukala zabaldu dute gaur zenbait komunikabidek. Informazio horien arabera, langile guztiengan eragingo luke.
Enpresa batzordeak zuzendaritzaren "komunikazio falta" salatu du, izan ere, balizko neurri horren berri hedabideen bitartez izan dute. Ohar baten bidez jakitera eman dutenez, arratsaldeko 16:30etarako bilera baterako deia egin dio zuzendaritzak enpresa batzordeari.
Horrez gain, gogora ekarri dute joan den otsailaren 11an Administrazio Kontseiluak "premiazko" bilera egin zuela eta batzar horren ondorioak komunikabideen bidez ezagutu zituztela. Gaur argitaratutako ustezko enplegu erregulaziorako espedientearen inguruan inolako berririk ez dutela zehaztu dute.
Ildo horretan, enpresa batzordeak azaldu du bi ontzi egiten ari direla, bata apirilerako aurreikusita dago eta bestea datorren urteko otsailerako.