Itxi

Ekonomia krisia

Hazkundea "oraindik ahula" dela ohartarazi du Jaurlaritzak

Erredakzioa

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan du "amaitu" dela "azken hamarkadetako okerrena", baina enplegua sortzen hasten den arte, "ez dugu pentsatuko krisitik erabat atera garela".

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak "zuhurtzia" eskatu du EAEko 2009ko azken hiruhilekoko ekonomia hazkundearen datuak aztertzerakoan, izan ere, "ez du esan nahi krisitik erabat atera garela".

Prentsaurreko batean, hazkundea "oraindik ahula" dela azpimarratu du eta "hein handi batean, laguntza publikoak" ahalbidetu duela. Era berean, kezkatuta agertu da "erreferentzia" diren ekonomiek (Alemania tarteko) izan duten hazkunde "etsigarria" dela eta.

Sailburuak onartu egin du, hala ere, "amaitu" dela "azken hamarkadetako okerrena" eta "suspertze zantzu nabarmenak" atzeman direla. Dena dela, argi adierazi nahi izan du EAEko BPGren hazkundeak (% 0,2) ez duela ahalbidetzen enpleguen sorkuntza "sendoa" eta "gure ekonomia enplegua sortzeko gai den arte, ez dugu pentsatuko krisitik erabat atera garela".

Gainera, hiruhileko arteko emaitzak positiboak diren arren, urtearteko datuetan BPG % 2,5 murriztu dela gogorarazi du Ekonomia sailburuak.

Eustaten arabera, EAEko Barne Produktu Gordina % 3,3 murriztu zen 2009an. Sektoreka, euskal industriak % 9,5 egin zuen behera, eta eraikuntzak % 5,7; zerbitzuek, berriz, % 0,1ko galera izan zuten eta lehen sektoreak % 2,1eko igoera.

Era berean, 2.600 lanpostu sortu direla eta etxebizitzen kontsumoa % 0,5 hazi zela azpimarratu dute.

Albisteak (3)