Tren istripua
Belgikako tren-gidariek greba abiatu dute istripua salatzeko
Erredakzioa
Valoniako hegoaldeko instalazioen % 85etan eragina izan dute protestek. Trenek balaztatze automatikoko sistema izan balute, istripua saihestu zitekeen, treneko arduradunaren arabera.
Belgikako tren-gidariek greba hasi dute orain dela hogeita lau ordu jazotako istripua salatzeko. 18 hildako eta 162 zauritu utzi ditu Bruselatik hurbil izandako ezbeharrak.
Tren konpainia nazionalak (SNCB) jakitera eman duenez, Valoniako hegoaldeko bere instalazioen % 85etan eragina izan dute protestek eta horiek hedatuko diren beldur dira.
Txarrera egin duten euren lan baldintzengatik kexa dira tren-gidariak, atzoko istripua bezalakoak eragin ditzaketela uste dutelako. Sindikatuak ez zeuden jakinaren gainean, baina euren elkartasuna adierazi dute.
Saihestu zitekeen
Istripuaren nondik-norakoak baieztatu ez diren arren, antza, semaforo gorri bati jaramon egin ez zion gidari baten ondorioz gertatu zen talka, lehen ikerketen arabera.
Trenen arteko talka sahiestu zitekeela esan zuen atzo Luc Lallemandek, Belgikako trenbideak kudeatzen dituen sozietateko administratzaile ordezkariak. Gaur zehaztu duenez,"talka egin zuten tren biek balaztatze automatikoko sistema izan balute".
Bietako tren batek bakarrik zuen balaztatze sistema hori. Belgikako tren guztietan sistema hori jarriko dute 2013rako.