Itxi

Auzitegi Nazionala

Hiru polizia galdekatuko ditu Garzonek, 'Faisan auzia'ren harira

Erredakzioa

2006an, polizia-operazio bat izan behar zela ohartarazi zioten ETAri eta Baltasar Garzon kasua ikertzen ari da orain. Bihar galdekatuko dituen poliziak auzi hori ikertzen aritu dira.

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak hiru polizia galdekatuko ditu gaur arratsaldean ''Faisan auzia''ren harira. 2006an, ETAren finantziazio aparatuaren aurka polizia-operazioa izango zela ohartarazi zioten erakunde armatuari eta informazio hori nork eman zuen ikertzen ari dira orain.

Auzi honen ikerketan gehiago sakontzea agindu zion astelehenean Auzitegi Nazionalak Garzoni eta horren ondotik etorri da gaurko notifikazioa.

Galdekatuko dituen hiru polizia horiek aipatu kasua ikertzen aritu dira. Zehazki ondokoa eskatuko die Garzonek: Irungo Faisan tabernako jabeak, Joseba Elosuak, telefono-deiak egin zituen kabinako datuak ematea; kabina hori kontrolatuta zegoen ala ez argitzea; eta Elosua eta Calau Aldanur ETAko finantziazio sareko kidearen artean deiak izan baziren ala ez zehaztea, eta hala izan bazen, elkarrizketen transkripzioak ahalbidetzea.

Horrez gain, 2006ko maiatzaren 3an, 4an eta 5ean egin ziren telefono-deien analisirik egin zuten argitzeko eskaera luzatuko die Garzonek Frantziako agintariei.

Era berean, 2006ko maiatzaren 4an Faisan tabernan burutu zen polizia-operazioan Jendarmeek parte ez hartzeko arrazoia "filtrazio bat" izan ote zen zehazteko galdegingo die.

Gaur Auzitegi Nazionalean izango diren hiru poliziak ''Faisan auzia''ren ikerketaren arduradun nagusia eta Espainiako Poliziaren Gipuzkoako taldeko bi kide dira.


Poliziak, susmagarri nagusiak

Epai-mahaia Angel Hurtado, Julio de Diego eta Enrique Lopez (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bozeramaile ohia) epaileek osatzen dute. Magistratu horien iritzian, erakunde armatuari sekretupeko informazioa eta laguntza eman diotenak Estatuko segurtasun indarrak izan direla egiaztatzen bada, "terrorismoaren kontrako borrokaren historian, Espainian izan den gertakaririk larrienaren aurrean egongo ginateke".

"Badirudi balizko erantzuleak polizia-funtzionariak direla, arrazoi batengatik edo besteagatik, zeharka edo zuzenean, 2006ko maiatzaren 4an polizia-operazio bat izango zenaren jakinaren gainean zeudela", azaldu dute epaileek.

Baltasar Garzonek joan den urteko azaroan onartu zuen kasu hau ikertzea, auzia artxibatu ala ez erabaki aurretik. Poliziak Faisan tabernan grabatu zuen bideo aztertzea onartu zuen, baina Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek eskatutako beste froga batzuk atzera bota zituen, poliziak egindako ikerketa "zorrotza" izan zela argudiatuta.

Fiskaltzak, berriz, auzia artxibatzea eskatu zuen joan den urrian, hiru urteko ikerketak eta gero erantzuleak nortzuk izan ziren argitu ez delako.

Epai-mahaiak, baina, ikerketak "beste noranzko bat" hartu duela eta norabide hori ez Fiskaltzak, ezta Polizia Judizialak ere, ez dutela ikertu uste du.

Ikerketaren arrazoia

Faisan taberna poliziaren zaintzapean zegoela ohartarazi zion lagun batek Joseba Elosuari 2006ko maiatzaren 4an eta egun horretan bertan atxilotua izan zitekeela. Hipotesia nagusiak dio operazioaren berri zuten poliziek ohartarazi zutela Elosua.




Albisteak (3)