Itxi

Georgian (AEB) eraikiko dute

Azken 30 urteetako lehen zentral nuklearra iragarri du Obamak

Erredakzioa

800 lanpostu sortzea ahalbidetuko du zentral berriak, AEBetako presidenteak azaldu duenez. Gainera, zentrala egiten den bitartean eraikuntza sektorean milaka lanpostu sortuko dituela esan du.

Azken 30 urteetan, AEBetan eraikiko den lehen zentral nuklearraren berri eman du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Georgiako Burke konderrian eraikiko dutela azaldu du agintariak.

Marylanden egindako ekitaldi batean, energia alternatiboak herrialdea krisitik ateratzeko ardatz izango direla esan du Obamak. 800 lanpostu sortzea ahalbidetuko du zentral berriak, AEBetako presidenteak azaldu duenez. Gainera, zentrala egiten den bitartean eraikuntza sektorean milaka lanpostu sortuko dituela esan du.

Zentralaren eraikuntza finantzatzeko Gobernuak ia 8.000 milioi dolar iragarri ditu maileguen bermerako.

Zentral nuklear berriak

80ko hamarkadatik zentral nuklear berriak egiteko inbertitzeari uko egin zioten enpresek, kostuek, ekologisten protestek eta segurtasun eskakizunek gora egin zutelako.

"Energia nuklearrean inbertitzeak beharrezkoa izaten jarraitzen du", azpimarratu du Obamak. Txinan 21, Indian bost eta Hego Korean sei zentral eraikitzen ari direla gogorarazi du AEBetako agintariak.

Ingurugiroaren lege bat eskatu dio Obamak Kongresuari, zentral nuklearren eraikuntza bultzatzeko egitasmo bat barne.