Itxi

Estatuko datuak

Kontsumoak gora egin du berriro, baina BPG ez da suspertu

Erredakzioa

Kontsumoak % 0,3ko igoera izan zuen 2009ko azken hiruhilekoan, aurreko hiru hilabeteen aldean; eta BPGk % 0,1 egin zuen atzera, Espainiako Estatistika Institutuak jakitera eman duenez.

Estatuko kontsumoak % 0,3 egin zuen gora 2009ko azken hiruhilekoan, aurreko hiru hilabeteen aldean, baina BPGk atzera egiten jarraitu zuen, % 0,1 hain zuzen ere, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) zabaldu dituen datuen arabera.

Familien gastuak gora egin du lehenengo aldiz 2007ko laugarren hiruhilekotik. BPG osatzen duten alor guztietan hobekuntza izan omen da.

Hiruhilekoko datuak hazkundea iragartzen badu ere, kontsumoak % 3,5 egin du behera urte arteko datuei erreparatuz gero.

Era berean, ekonomia % 3,1 murriztu zen urte betean, aurreko hiruhilabetean baino bederatzi hamarren gutxiago. Hala ere, urte osoan BPGk % 3,6ko beherakada jasan zuen, azken lau hamarkadetako handiena.

Inbertsioa

INEren datuen arabera, ekipo inbertsioak hazi egin dira azken bi hiruhilekoetan (% 1,8 hirugarrenean eta % 3,1 laugarrenean) eta urte batetik besterako beherakada % 15,3koa izan zen iazko abendu bukaeran, aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa (% 23,8).

Etxebizitza alorreko inbertsioek eman zituzten datu okerrenak, % 24,5 hain zuzen ere (hirugarren hiruhilekoan % 25,2).

Enplegua

Langabe kopurua % 6,1 hazi zen 2008ko abendutik 2009ko hilabete berera, hau da, 1,125 milioi lanpostu suntsitu ziren.

Urte osoa kontuan izanda, enpleguak % 6,7 egin zuen behera, 1,271 milioi lanpostu galdu ziren.