Osalanen Kongresua
14 heriotza eta 6.274 istripu izan dira eraikuntza sektorean, iaz
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak iragarri duenez, diputazioekin hitzarmen bilatzen saiatuko da azpiegitura publiko handien eraikuntza lanetan segurtasuna hobetzeko.
Eusko Jaurlaritzak diputazioekin akordio bat erdiesteko lan egingo duela iragarri du, azpiegitura publiko handien eraikuntza lanetan segurtasun ikuskaritza indartzeko asmoz. Hala iragarri du Patxi Lopez lehendakariak Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak antolatu duten Eraikuntzako Lan Segurtasunerako Lehen Kongresuan.
Donostiako Kursaal Jauregian egiten ari diren bilerak bi eguneko iraupena izango du eta gaur 600 lagun bildu dira, tartean, enpresariak, sindikatuetako ordezkariak eta Administrazioko langileak. Gemma Zabaleta Lan sailburua eta Pillar Collantes Osalaneko zuzendaria ere bertan izan dira.
Patxi Lopezek azpimarratu du lan-istripuek ehunka beharginengan eragiten dutela egunero. Alabaina, ez langileak, ez enpresak, ezta administrazioak ere, konponbidea emateko gai izan ez direla nabarmendu du. Ildo horretan, Laudioko Tubacex enpresan joan den astelehenean hildako langilea ekarri du gogora eta elkartasuna adierazi die behargin gaztearen guraso eta senideei.
Lan-istripuekin amaitu egin behar dela esan du, gizartearen garapen jasangarri lortu nahi bada. "Denon erantzukizuna da gure langileen segurtasuna bermatzea eta arlo horretan desoreka batean gaude", erantsi du.
Osalanen Kongresua, lehendakariaren ustez, toki egokia da administrazioak, sindikatuak, enpresariak, prebentziorako ordezkariak eta elkarte ezberdinak "guztion arazoa den honi konponbidea ematen hasteko".
Aurretik lan asko dagoela egiteko onartu du, izan ere, iaz 14 heriotza eta 6.274 lan-istripu izan ziren EAEko eraikuntza sektorean. Datu horiek "oso kezkagarriak" direla nabarmendu du.