Titular izango da
Azpilikueta: "Irabaziz gero aurrerapauso itzela emango dugu"
Asier Legarda
Taxoare
Sanchez Pizjuanen partida bateko zigorra bete ostean Valladoliden aurka hasierako hamaikakora itzuliko da eskuin hegalekoa.
Itxura guztien arabera Carlos Aranda eta Cesar Azpilikueta hasierako hamaikakora itzuliko dira asteburu honetan Valladoliden aurka jokatu beharreko norgehiagokan, iragan asteburuan Sanchez Pizjuanen partida bateko zigorra bete ostean. "Valladolidi irabaziz gero hondoratuta utziko ditugu eta bide batez mailari eusteko borrokan aurrerapauso itzela emango dugu. DEna dela, azken jardunaldian argi geratu da inork ez duela amore ematen Liga honetan. Gora-bera handiak izaten dira Ligan eta une honetan egoera erosoan baldin bagaude ere, ezin dugu erlaxatu", esan du Azpilikueta eskuin hegalekoak igandeko partidaren inguruan.
Iragan sasoian 60. minutuan 3-0 galtzen ari zen partida berdintzeko gai izan zen Valladolid Nafarroako Erresuman, baina Azpilikuetaren ustez igandekoak ez du partida harekin inolako zerikusirik izango: "Partida hura eta iragan sasoiko beste asko lehenbailehen ahaztea komeni da. Sasoi honetan egoera oso bestelakoa da, dena dela. Sailkapeneko zuloan zaudenean kosta egiten da partidak irabaztea, eta iragan sasoikoa horrexegatik gertatu zen. Igandekoa ezberdina izango da", esan du eskuin hegaleko atzelari gorritxoak.