Auzitegi Nazionalean
Gernikako zinegotziak uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari
Erredakzioa
Velasco epailea jai egitarauan presoen argazkiak ateratzea terrorismoaren gorespena egitea ote den ikertzen ari da. Ikerketa honen azpian "interes politikoak" daudela esan du Jesus Maria Alberdik.
Jesus Maria Alberdi (ANV) Gernikako Jaietarako zinegotzia ez deklaratzeko eskubideari heldu dio, eta, ondorioz, ez dio epaileari erantzun. Eloy Velasco epailea jai egitarauan presoen argazkiak ateratzea terrorismoaren gorespena egitea ote den ikertzen ari da.
Epailearen aurrean deklaratu ez badu ere, kazetariei esan die bere kontrako "auzi politikoa" dela. "Interes politikoak daude", esan du.
Jesus Maria Alberdi Gernikako alkateorde eta Jaietarako zinegotzia inputatua dago ikerketa honetan, Auzitegi Nazionalaren kereila bat dela eta. ETAko bederatzi kideren argazkiekin muntaia bat egitea eta jaietako egitarauan argitaratzea egozten dio Auzitegi Nazionalak.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak, ez du Udalaren gain hartu presoen argazkiak biltzen zituzten jaietako programen inprimatzea.
Ildo horretan, Alberdik ere ez du presoen argazkien ardura bere zinegotzigoaren gain hartu.
Antza denez, jaietako egitarauak egiteko dirua Gernika Rugby Taldeak jarri zuen; Marcos Larramendi Taldeko ordezkariak ere Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu zuen lekuko gisa. Rugby taldeak Udalaren ordainen bat jaso zuen jakin nahi du Fiskaltzak.