Bizkaiko Garraio Partzuergoa
(2010-02-17) Gatazka konpontzeko deia egin dio Bilbaok Patxi Lopezi
Erredakzioa
Garraio Partzuergoko presidenteak aurkeztutako aurrekontuak atzera bota dituzte Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, zorpetze handiegia aurreikusten dutela arrazoituz.
Bizkaiko Garraio Partzuergoan sortutako gatazkari konponbidea emateko dei egin dio Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak Patxi Lopez lehendakariari, "bertan berak agintzen duelako". Gatazka Jaurlaritzako ordezkarien "asmo txarrek eta gaitasun ezak" sortu dutela salatu du Bilbaok.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren eta alkate sozialisten, eta bestetik, Foru Aldundiaren eta alkate nazionalisten artean inbertsioak finantzatzeko sortutako eztabaidei buruz berba egin du Partzuergoko presidentea den Bilbaok gaurko osoko bilkuran.
Aldun nagusiarekin batera, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Eneko Arruabarrena Leioakoa, Ricardo Ituarte Santurtzikoa eta Imanol Landa Getxokoa zeuden prentsaurrekoan.
Zorpetzea
Ernesto Gasco, Garraio sailburuorde eta Bilboko metroko presidente berriaren iritziz, Bizkaiko Partzuergoko aurtengo aurrekontua "ez da legezkoa". Jaurlaritza ezin da 127 milioi eurotan zorpetu beraz, Aldundiak ere diru-partida osagarriak jarri beharko dituela uste du Gascok. Jose Luis Bilbaok akordioak ez dituela bete eta bizkaitarrei "lepoa" ematen ari dela salatu du Gascok.
Bilbaorentzat, berriz, "legezkoak dira eta Jaurlaritza oztopatzen ari da metroa Basaurira, Getxora eta Santurtzira iristea".
Aurrekontua ez onartzeak Basauri, Getxo eta Santurtzin martxan dauden metroaren lanak bertan behera gelditzea ekarriko du, diputatu nagusiaren ahotan. Horren aurrean, Bilbaok irtenbideak eskatu dizkio Jaurlaritzari.