Fernando Buesari omenaldia
"Egitasmo bateratzaileen ordua" dela uste du Buesaren alargunak
Erredakzioa
"Bizitakoaz ikasteko" atzera begiratzea eskatu du Natividad Rodriguezek. Fernando Buesa agintari sozialista eta Jorge Diez haren bizkartzaina 2000ko otsailaren 22an hil zuen ETAk.
Natividad Rodriguezen hitzetan, "egitasmo bateratzaileen ordua da, guztiek lekua izateko, indarkeriari uko egiten ez diotenek izan ezik, euskal gizartearen aniztasuna onartuz". Rodriguez Fernando Buesa agintari sozialistaren alarguna da. Buesa eta Jorge Diez haren bizkartzaina 2000ko otsailaren 22an hil zituen ETAk.
Agintari sozialistari egindako omenaldian egin ditu adierazpenak, hilketaren 10. urteurrenean. Patxi Lopez lehendakariak eta Alvaro Gil-Robles Kontseilu Europarreko Giza Eskubideen komisario ohiak ekitaldian parte hartu dute. Era berean, Joan Manuel Serrat abeslariak kantatu du omenaldian.
''Fernando Buesa, hitzaren balioa'' lelopean egin dute zeremonia, "Buesak bere bizitzan zehar defendatutako elkartasuna eta justizia balioen indarra aldarrikatzeko".
Hamar urte
Bere hitzaldian, senarra hil zutela hamar urte bete direla gogorarazi du Rodriguezek, eta atzera begiratzeko eskatu du, "bizitakoaz ikasteko, akats berdinak ez egiteko eta etorkizuna behar bezala bideratzeko".
Era berean, Fernando Buesa Blanco Fundazioko presidente gisa, helburu nagusietako bat "biktimei ahotsa ematea" izan dela goraipatu du Rodriguezek. "Terrorismoa politikoki erabili zen une zailak bizi genituen, biktimen artean eta gizartean haustura sortuz. Gaur zorionez une horiek gainditu ditugu eta alderdien batasuna nagusi da terrorismoaren aurrean", defendatu du.
Bestalde, "herri, gizarte eta nortasun eredu bakarra inposatu nahi izan zutenek, ezin izan dute lortu", azpimarratu du Fundazioko presidenteak.
Erakundeetako ordezkaritza
Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, Iñigo Lamarca Arartekoa eta Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimak Artatzeko Bulegoaren zuzendaria, besteak beste, urteurrenean izan dira.
Musikak ere toki izan du zeremonian, hitzaldiez gain. Horrela, Donostiako Musika Eskolako Hari-orkestra Gazteak zenbait pieza jo ditu eta Joan Manuel Serrat abeslariak amaiera eman dio ekitaldiari.