Ustelkeria
Castro Urdialeseko alkatea espetxera bidali du epaileak
Erredakzioa
Fernando Muguruzarentzat findantzarik gabeko espetxea agintzen du autoak, ustezko hirigintza-delitu baten frogak ezabatzen ari dela ikusten duelako.
Fernando Muguruza Castro Urdialeseko (Kantabria) alkatea atxilotu eta El Duesoko (Santoña) espetxera bidali du epaileak arratsaldeko lehen orduan, Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiak baieztatu duenez.
Luis Acayro Sanchez epaileak fidantzarik gabeko espetxea ezarri dio autoan, ustezko hirigintza-delitu baten frogak ezabatzen ari dela estimatzen duelako eta delitua "berriz egiteko" arriskua dagoelako.
Castro Urdialeseko La Loma gainean eraikitzeko baimenen tramitazioan ustezko irregulartasunak ikertzen ari da epailea. Muguruzak Udaleko hirigintza funtzioetan esku-hartze zuzena izaten jarraitzen duela uste du Acayrok, nahiz eta urrian eskumen horiek kendu.
Muguruza Kantabriako Alderdi Erregionalistatik bota egin zuten, azken hauteskundeetan alkate izateko aurkeztu zelako, nahiz eta bere alderdiak PSOEko hautagaia babestu. Horregatik, iheslari aurkitu zuen Iheslarien Kontrako Ituneko Batzordeak.
Acuerdo por Castro
Muguruzak Kantabriako hirugarren Udala Acuerdo por Castro alderdiarekin gobernatzen du koalizioan. Acuerdo por Castro PPko eta PSOEko militante ohiek osatzen dute.
Duela lau hilabete hirigintza eta kontratazio eskumenak kendu zizkion epaileak, Santullango eta La Lomako bizilagunek hala eskatuta.
Akusazio partikularrek alkatea kartzelara bidaltzea eskatu zuten orduan, baina epaileak ukatu egin zuen.
Akusazio partikularrek helegitea aurkeztu zuten eta epaileak onartu egin du, frogak ezabatzen ari dela eta delitua berriro egiteko arriskua dagoela arrazoituz.