Operazioa
Guardia Zibila ETAren 150 kilo lehergai bilatzen ari da Gorbeian
Erredakzioa
Ismael Moreno epaileak Ibai Beobide kartzelatzeko agindu du, eta armak eta lehergaiak zituzten ETAren hiru talde koordinatu izana egotzi dio.
Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Ibai Beobide ETAko ustezko kidea kartzelatzeko agindu du ostegun honetan. Epaileak gutxienez ETAko hiru talde koordinatu izana egotzi dio.
Autoaren arabera, hiru taldeek armak eta 150 kilo lehergai zituzten, "edozein unetan" atentatu bat egiteko. Terrorismoaren aukako iturriak aipatuta EFE agentziak informatu duenez, Guardia Zibila lehergai hori bilatzen ari da Gorbeia mendian, han esan baitu Beobidek ezkutatu zutela.
Autoak gaineratzen du Beobidek eta hurrengo egunetan Hernain eta Seguran atxilotutakoek "edozein unetan atentatua" egiteko prest zegoen "azpiegitura" bat osatzen zutela.
Morenok zehaztu du ETAko ustezko kideak koordinatu zituen hiru taldeak honakoak zirela: "Imanol" (50 kilo amonal, 60 kilo kloratita, detonatzaileak, pentrita eta hari detonatzailea zituen), "Ezpala" (40 kilo lehergai, detonatzaileak, haria eta pistola bat zituen) eta izen ezezaguna zuen beste bat.
Ustez, Beobide 2007an sartu zen ETAn, eta 2008ko hasieran talde ''legal'' bat osatu zuen Itziar Morenorekin eta Oihana Mardarasekin. Lehengoa ihes eginda dago eta udan Mallorcan bi guardia zibil hil zituen atentatuarekin zerikusia izatea egozten diote. Bigarrena iazko ekainean atxilotu zuten.
EITBren aurkako atentatuaren egileak
Epaileak zenbait atentatu egotzi dizkie aipatu taldeko kideei, tartean 2008ko abenduaren 31n EITBren Bilboko egoitzaren aurka egindakoa.
Besteak beste, 2008ko apirilaren 17an PSEren Abusuko (Bilbo) egoitzaren aurka eta ekainaren 8an Zamudion (Bizkaia) El Correo egunkariaren kontra egindakoak ere leporatu dizkie.