Guardia Zibilak etxebizitza bat miatu du Donostia erdialdean
Erredakzioa
Atzo beste miaketa gehiago egin zituzten Gipuzkoa eta Nafarroan. Horrez gain, Guardia Zibila ETAren 150 kilo lehergai bilatzen ari da Gorbeia mendian.
Guardia Zibilak etxebizitza bat miatu du Donostia erdigunean, Ibai Beobide ETAko ustezko kidearen atxiloketaren operazioaren baitan, Efe agentziak ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu duenez.
Etxebizitza hori Donostiako San Martin kalean dago eta miaketa goizean goiz egin dute.
Horrez gain, atzo beste bi etxebizitza miatu zituzten Zarautzen eta Errezilen, ustez Ibai Beobide atxilotu ostean ihes egin omen duten pertsonak bizi ziren bertan.
Ibai Beobide larunbatean atxilotu zuten, Asteasu eta Villabona artean. Atxiloketa horren ondotik beste lau lagun atzeman zituen Guardia Zibilak Hernanin eta Seguran.
Bestalde, asteartean ETAko ustezko kide bat atzeman zuten Portboun, Gironan. Asteazkenean, berriz, Adur Aristegi eta Jon Rosales atxilotu zituzten Camprodonen (Girona).