Istiluak San Mamesen
Ares: "Ez zen Ertzaintzaren aurreikuspen faltarik egon San Mamesen"
Erredakzioa
Hala erantzun dio Aresek Ertzaintzaren jarduera "baloratzea" ez dagokiola gaur zehaztu duen Macuari. Aresek biltzeko deia egin dio Athletic Clubeko presidenteari.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak atzoko partidaren osteko istiluetan, Ertzaintzaren "aurreikuspen faltarik" egon ez zela erantzun dio Fernando Garcia Macua Athletic Clubeko presidenteari, Eusko Legebiltzarreko Barne eta Justizia Batzordean.
Macuak Ertzaintzaren jarrera "pasiboa" kritikatu zuen atzo eta gaur, berriz, Ertzaintzaren jarduera "baloratzea" ez dagokiola zehaztu du.
Sailburuak ez du "inorekin polemikarik piztu" nahi eta gaur goizean, Athleticeko presidentearekin harremanetan jarri dela aurreratu du. Bilera dei egin dio Macuari "datu guzitak aztertzeko" eta "hartu beharreko neurriak" hartzeko.
Partida "arrisku handikoa" zela aurreikusi zutela azpimarratu du Aresek, horrenbestez, "200 ertzaina inguruk" lan egin zuten atzo. Klubak segurtasun pribatua "% 30-35ean" handitu zuela, esan du Macuak.
Macuaren hitzetan, "istiluen errudunak eragiten dituztenak dira, hemengoak eta kanpotik etorritakoak", baina horrelakorik berriz ez gertatzeko "zenbait gauza hobetu" zitezkeela aitortu du.