Itxi

Iruzkina

Eritrea: pobrezia eta askatasun falta

Jesus Torquemada

Independente denetik alderdi bakarraren diktadurak gobernatzen du Eritrean. Oinarrizko eskubideak urratzeagatik salatu izan dute.

Eritrea Afrikako herrialderik txikienetarikoa da, bai azaleran eta baita biztanle kopuruan ere. Bost milioi pertsona bizi dira bertan. Baina herrialderik pobreenetakoa ere bada Eritrea. Nazio Batuen Erakundeak egiten duen Garapenaren Indizean mundu mailan gutxien garatutako hamar herrialdeen artean azaltzen da.

Alabaina, herrialde gaztea da. 1993an Etiopiatik bereizi zenean egin zen independente. Banaketa adiskidetsua izan zen hasieran, baina bost urte geroago, Etiopiako kamioiei bide saria kobratzea erabaki zuen Eritreak, eta dolarretan, gainera.

Horrek bizia asko zaildu zion Etiopiari, Eritrea galduta itsasora irteerarik gabe geratu zen, eta ondorioz, Eritreako portuetatik esportatu behar zuen bere kafea.

Harremanak hautsi egin ziren eta bi urte iraun zuen gerra hasi zen. Gerra hark are gehiago okertu zuen lehendik ere makurra zen bi herrialde horien ekonomiaren egoera.

Independente denetik alderdi bakarraren diktadurak gobernatzen du Eritrean. Oinarrizko eskubideak urratzeagatik salatu izan dute, gainera. Pobrezia eta askatasun falta horrek bultzatu ditu eritrear asko erbestera.