Itxi

Ekitaldia

Patxi Lopez: "Fernando Buesa herria eraikitzen egongo legoke orain"

Erredakzioa

EAEko sozialistek omenaldia egin diote Buesari, Gasteizen. Ekitaldia Askatasunaren Lorategian egin dute. "ETArekin bukatzeko" lagun dezaten deia egin die herritarrei Ares sailburuak.

Bizirik egonez gero, Fernando Buesa "hiritar guztiekin batera herria eraikitzeko" lanetan arituko zela esan du gaur Patxi Lopez lehendakariak. Orain 10 urte, ETAk Buesa eta bere bizkartzaina, Jorge Diez Elorza, hil zituen, Gasteizen.

Arabako hiriburuko Askatasunaren Lorategian, ETAk hil zuen tokian bertan, omenaldia egin diote gaur eguerdian. Bertan, Buesa "pozik egongo litzakeela" esan du lehendakariak, sozialistak Jaurlaritzara heldu egin direlako.

"Hezkuntza eredu berri baten oinarriak egiten, euskara sustatzen, ingurugiroa zaintzen edota errepideak marrazten egongo litzateke orain Fernando", nabarmendu du.

Horrez gain, "indarkeria bermatzen dutenekin" tolerantzia zeroko politika batekin aurrera jarraituko dutela esan du.

Politika egiteko "bide bakarra" dagoela gaineratu du: "terroristek mugitzen dituzten hariekin apurtu".

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak deia luzatu die Euskadiko hiritarrei "ETArekin bukatzeko lagun dezaten". Bere hitzetan, modu honetan Fernando Buesaren ametsetako helburua "lortuko dugu".

Aresek idatzitako "Biktimekin konpromezua" gutuna argitaratu dute gaur hainbat euskal egunkarik. Testuan zehar Buesari omenaldia egiten dio sailburuak, baita Jorge Diez bere bizkartzainari ere.

"Egitasmo bateratzaileen ordua"

Natividad Rodriguez Fernando Buesa agintari sozialistaren alargunaren hitzetan, "egitasmo bateratzaileen ordua da, guztiek lekua izateko, indarkeriari uko egiten ez diotenek izan ezik, euskal gizartearen aniztasuna onartuz". Buesa eta Jorge Diez haren bizkartzaina 2000ko otsailaren 22an hil zituen ETAk.

Agintari sozialistari asteazkenean egindako omenaldian egin zituen adierazpen hauek, hilketaren 10. urteurrenean. Omenaldian, besteak beste, Patxi Lopez lehendakariak eta Alvaro Gil-Robles Kontseilu Europarreko Giza Eskubideen komisario ohiak parte hartu zuten. Era berean, Joan Manuel Serrat abeslariak kantatu zuen omenaldian.

''Fernando Buesa, hitzaren balioa'' lelopean egin dute zeremonia, "Buesak bere bizitzan zehar defendatutako elkartasuna eta justizia balioen indarra aldarrikatzeko".

Albisteak (1)

Bideoak (1)