Itxi

Polemika

Publikoa al da Facebookeko horma?

Iñigo Herce

Erredakzioa

Iragan astean ia hedabide guztiek publikatu zuten argazki batek ika-mika piztu du. ETAko bi ustezko kide atxilotu zituzten eta horietako baten Facebookeko argazki bat komunikabideetara iritsi zen.

Marta del Castillo Sevillako gaztearen kasuarekin antza du honakoak ere. Hilketaren ondoren, komunikabide askok argitaratu egin zituzten ustezko hiltzaileak Tuenti sare sozialean zintzilikatuta zituen zenbait argazki. Irudi horiek, gainera, telebistako hainbat programatan erabili zituzten, hilketari buruz arinkeriaz mintzatu ziren tertulia askotan parte garrantzitsu bihurtuz. Tuentik kontua itxi egin behar izan zuen.

Joan den astean antzeko zerbait jazo zen. Poliziak Jon Rosales eta Adur Aristegi ETAko ustezko kideak atxilotu zituen Gironan. Rosalesen Facebookeko kontuko argazki batean ageri dira biak hirugarren lagun batekin. Hirurak daramate jantzita Espainiako selekzioaren elastikoa. Argazkia ezagutzera eman bezain pronto bolbora bezala barreiatu zen hedabide digital, egunkari eta telebistetara. Zenbait, gainera, argazkiaren testuinguru eta intentzioa asmatzeraino ere ausartu ziren, eta ETAko ustezko kide horiek Espainiako selekzioaren zale zirela adierazi zuten.

Deontologia

Sare sozialetako pribatutasun politikek argi zehazten dute joko-zelaia. Edonork erabaki lezake zer nahi duen modu irekian besteen esku jarri eta zer gorde bere hurbilekoentzat soilik. Hala eta guztiz ere, eduki horren erabilera publikoa ez dago hain zehaztuta: ez dago legerik eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak ez du oraindik sare sozial horien araudirik argitaratu.

Kazetari, bloglari eta Interneteko aditu den Ignacio Escolarren ustez, Facebook bezalako sareetatik lorturiko irudi eta informazioak argitaratzea ez da onargarria ikuspuntu etiko batetik.

"Marta del Castilloren argazkiekin ez zen izan eta ETAko ustezko kideen kasuan ere ez da", esan du eitb.com-i egindako adierazpenetan.

Bere ustez, irizpide legalak alde batera utzita, argazki horien eskubideak egileenak dira, ez kazetarienak. Gainera, Escolarrek uste du "ustezko terroristek ere intimitaterako eskubidea dutela. Marta del Castilloren Tuentiko argazkiak argitaratzea gaizki egon bazen ez zen izan bera biktima zelako, baizik eta ustezko hiltzaileek ere eskubide guztiak ez dituztelako galtzen, eta are gutxiago oraindik ere epaiketaren zain daudenean".

Sare sozialetan jartzen diren argazkiak "ez dira erabilera publikoa egiteko. Eta gutxiago oraindik profil pribatukoak direnean, Marta del Castilloren auzian gertatu zen bezalaxe".

Protagonistari delitu larri bat leporatzeak ez du, adituaren ustez, irizpide hori malgutzen.

"Espainian, Frantzian gertatzen ez den bezala, oso ohikoa da ETAko ustezko kideak eskuburdinak jantzita argazkietan ateratzea, polizia-etxe batetik irteten edo epaitegira sartzen. Baina hori bera politikariekin gertatzen denean, Kataluniako ustelkeria kasu batekin duela gutxi gertatu den bezala, denak asaldatu egiten gara", Escolarren aburuz.

"Eskubide guztiak berdinak dira inputatu guztientzat, nahiz eta delitu larri baten ustezko egile izan", gaineratu du.

Araudirik ez

Bestelako iritzia dauka Jorge Campanillasek, teknologi berrietan lege aholkularitza eskaintzen duen Iurismatica enpresako jabeak. Eztabaida "sakona" da, bere iritzian, tartean albistea bera -ETAko bi ustezko kide Espainiako selekzioaren elastikoarekin argazki batean ateratzea-, adierazpen askatasuna eta kazetaritzaren etika bera nahasten direlako.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak argi uzten du irudiak argitaratu baino lehen baimena eskatzeko beharra, baina argitasun berarekin azaltzen du pertsonaia publikoak konturatu egin behar direla euren argazki eta irudiak prentsak argitara ditzakeela euren onespenik gabe.

Campanillasen arabera, argazkiak Facebookera edo Tuentira igotzen dituenak "zer egiten ari den jakin behar du, eta argi izan behar du irudi horiek beste batzuek erabili ahal dituztela. Interneten dabilenak jakin beharko luke pribatutasuna ziurtatzeko bermeak erabili ezean, bere datuak edonork ikus ditzakeela". Bere iritzian, "beste gauza bat da gaiaren ikuspuntu etikoa".

Datuak Babesteko Agentzia lanean ari da sare sozialetako datuen erabilera arautzeko. Ziurrenik, hartuko duen bidea murriztailea eta bermeak ezartzearen aldekoa izango da. Hala ere, Campanillasen hitzetan, zenbait kasutan arau horiek informazio eskubidearen muga izan dezakete.

"Espainiako selekzioaren elastikoaren argazkia berez albiste da. Facebookera sartzen den edozeinek ikus zezakeen gainera. Facebooken sartzen denak jakin behar du egiten edo idazten duenak erabilera publikoa izan dezakeela", azpimarratu du.