Marta del Castillo auzia
3.000 euro telebistan Tuentiko argazkiak erakusteagatik
Erredakzioa
Bi telebista katek Marta del Castilloren bederatzi lagun adingaberi 3.000 euroko kalte ordainak eman diezazkieten eskatu du Fiskaltzak, Tuentin zituzten argakizak erakusteagatik.
Sevillako Lehen Auzialdiko 12. Auzitegiak epaiaren zain utzi du gaur Marta del Castilloren 9 lagun adingaberi 3.000 euroko kalte-ordainak ordaintzeko Fiskaltzak aurkeztu zuen demanda bat. Telebista-kate batzuek adingabeek Tuentin dituzten argazkiak erakusteagatik abiatu zuen auzia ministerio Publikoak.
Hain zuzen ere, irudiak 2009ko otsailaren 16an, hots, Marta del Castilloren ustezko hiltzailea atxilotu zuten egunean, eman zituzten telebistan, "La Tarde con Maria del Monte" (Canal Sur) eta "Alto y Claro" (Telemadrid) saioetan.
Bi telebista kateek kalte-ordainak ordaintzea onartu dute, baina epaia publiko egitea errefusatu dute.
Bere aldetik, "ZZJ" ekoiztetxea aurka agertu da, eta haren abokatuak, Joaquin Moeckelek, esan du argazkiak Interneten jarriz, adingabeek "baimen inplizitua" eman zutela irudiok zabaldu ahal izateko.
Bere salaketan, Fiskaltzak adierazi du kaltegarria izan litekeela aipatu adingabeentzat krimenaren ustezko egileen lagunak izatea.
Beste prozesu batean, Ministerio Publikoak ustezko hiltzailearen neska-lagunari eta Marta del Castilloren lagun bati 100.000 eta 30.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea eskatu du, telebista saio batzuetan agertu eta haien bizitza pribatuei buruzko galderak egin baitzizkieten.