Bide-segurtasuna
Zirkulazioari "mugak" jarri behar zaizkiola uste dute alkateek
Erredakzioa
Erdialdeak oinezkoentzako zona bihurtzearen aldeko apustua egin dute Espainiako 20 bat hirik. Era berean, garraio publikoa eta bizikleta bultzatu nahi dituzte.
Hirietan zirkulazioak gora egiten ezin duela jarraitu esan du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, eta horretarako hiriguneetan ibilgailu pribatuari "mugak" jarri behar zaizkiola adierazi du. Iritzi horrekin bat egin dute alkate askok, "kalea herritarrei itzultzeko".
Diputatuen Kongresuan egindako Bide-segurtasuneko eta Istripuen Prebentziorako II. Ihardunaldietako bi ondorio nagusiak dira. Espainiako 20 bat alkate izan dira bertan eta hirietako zirkulazio arazoak izan dituzte mintzagai.
"Zirkulazioak ezin du gora egiten jarraitu, kutsadura, paisaiaren narriadura eta hondatzeak eragiten dituelako", ohartarazi du Rubalcabak.
Erdialdeak oinezkoentzako zona bihurtzearen aldeko apustua egin dute Espainiako 20 bat hirik, handiek zein txikiek. Era berean, garraio publikoa eta bizikleta bultzatu nahi dituzte.
2003-2008 aldian, hildakoek % 45 egin zuten behera Espainiako errepideetan. Hiriguneetan, ostera, % 31 jaitsi ziren soilik eta istripuen % 53 jazo ziren bertan, urtero 49.000 bat.
Azkuna
Autoek herritarrak "jan" ez dezaten errezeta eman du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta oinezkoentzako tokiak prestatzea aholkatu du. Neurri hori martxan jartzen jarraituko du Bilboko Udalak, baina "orekaz". Tranbiaren gaitasuna eta metroaren azkartasuna goraipatu ditu Azkunak.