Itxi

Negoziatzen hasiko dira

Lufthansako pilotuek bertan behera utzi dute greba

Erredakzioa

Bilbao eta Francfort arteko hegaldiak bertan behera utzi dituzte. Hegaldi bakar bat atera da astelehen honetan Alemaniara. Gainotzeko bostak bertan behera utzi ditu Lufthansak, grebaren ondorioz.

Lufthansa Alemaniako enpresako pilotuek gaur goizaldean hasi duten greba bertan behera uztea erabaki dute, Cockpit sindikatuaren eta enpresaren arteko negoziazioekin jarraitzeko helburuarekin. Hala ere, hegaldiak ez dira aste bukaerara arte normaltasunera bueltatuko.

Francforteko auzitegiak bista berezia egin du gaur arratsaldean, pilotuek hasi berri duten greba aztertzeko. Hasiera batean lau eguneko protesta egin behar bazuten ere, pilotuek negoziazioekin jarraitzea erabaki dute, Silke Kohlschitter epailearen gomendioz.

Gauzak horrela, pilotuak bihar bueltatuko dira lanera. Martxoak 8ª baino lehen akordioa sinatu beharko dute.

Hegaldi bakar batek lotu ditu gaur Bilbo eta Francfort, Lufthansa Alemaniako konpainiak hasitako greba dela eta. Orotara, aurreikusitako bost hegaldi bertan behera utzi dituzte gaur, Loiuko aireportuan.

Aenak ohar batean jakinarazi duenez, goizaldeko 6:30etan atera da Francfortera gaur izango den hegaldi bakarra. Dusseldorf, Munich eta Stuttgartera aurreikusitako hegaldiek ez dute aldaketarik jasan (eguneroko hegaldiak ez direlako).

Orokorrean, 800 bat hegaldi utzi ditu bertan behera Lufthansak, egunero eskeintzen dituenetatik bi heren. Grebak 100 milioi euroko kostua suposatuko du enpresarentzat.

Lufhtansa airelinea alemaniarraren zuzendaritzak eta pilotuen sindikatuak ez dute azken orduko akordiorik lortu, eta beraz, langileek konpainiako historiaren greba handienari ekin diote gaur goizaldean. Guztira lau eguneko greba izan behar zen.

Pilotuek uste dute euren lanpostuak arriskuan daudela, azken urteetan Lufthansak gero eta zerbitzu gehiago kontratatu baitizkie kanpoko enpresei.

Sindikatuen arabera, gaur egun konpainiak eskaintzen dituen hegaldien %20-25 kanpoko enpresek egiten dituzte.

Hurrengo lau egunetan, egunero eskaintzen dituzten 1.800 hegaldietako hiru heren geratuko dira bertan behera.

Germanwings filialak ere bat egingo du grebarekin, eta ondorioz hurrengo lau egunetako 600 hegaldietako 200 utziko dituzte bertan behera.

Lufhansa Europako airelinea handiena da eta 110.000 langile baino gehiago ditu.

Albisteak (2)