Hitzaldia Bartzelonan
Euskadi "oasia" dela esan du Patxi Lopezek
Erredakzioa
"Aldaketa politikoaren zati garrantzitsu" bat finkatu dela adierazi du lehendakariak.
Euskal sozialistek maiatzetik PPren babesarekin egin duten aldaketaren emaitzak defendatu ditu Patxi Lopez lehendakariak eta Euskadi Espainiako krispazio politikoaren erdian dagoen "oasi" bat dela adierazi du.
"Aldaketa politikoaren zati garrantzitsu bat" finkatu dela esan du Lopezek, gatazka iraunkorra atzean utzi delako elkarrizketara eta akordiora pasatzeko.
Lehendakariak Bartzelonan emandako hitzaldian egin ditu adierazpenak arratsaldean. Lopezek EAJ kritikatu du, negoziaketa eskaintzari emandako erantzunagatik. Agintariak EAJrekin akordioa lortu nahi du hamar bat arlotan (lana, osasuna, hezkuntza, zergak, azpiegiturak,…).
"EAJ marko politikoaz eztabaidatzeko prest ikusten dut, baina ez beste ezertaz", azpimarratu du.
"Politika soberanistetan, barne-gatazketan eta Estatuari norgehiagokak planteatzen hamar urte eman eta gero", krisi sakon baten erdian eta ETAren terrorismoak bizirik jarraitzen duenean, kargua hartu duela gogorarazi du lehendakariak. "Gaur errealitate hori errotik aldatzeko gai izan garela esan dezakegu", adierazi du.
"Azken bederatzi hilabete hauetan Euskal Autonomia Erkidegoa bere gatazkengatik ezaguna izatetik, politika egiteko moduagatik Espainian inbidiatua izatera pasa da", azaldu du.
Eskaintza EAJri
Era berean, orain dela bi aste EAJko presidenteari aurkeztutako negoziazio proposamenari buruz hitz egin du lehendakariak; jeltzaleek emandako erantzunagatik, "badirudi oraingoz marko politikoari buruz eztabaidatzen jarraitzea nahiago dutela", esan du Lopezek. Dena den, "azkenean gizarteari gehien interesatzen zaizkion gauzei buruz hitz egiteko gai izatea" espero duela gaineratu du.