Itxi

Polizia operazioa

ETAko ustezko bi kolaboratzaile atxilotu dituzte Bizkaian

Erredakzioa

Hain zuzen ere, 2008an Calahorrako (Errioxa) koartelaren aurka egindako atentatuarekin zerikusia dutela uste du Poliziak.

Espainiako Poliziak ETAko ustezko bi kolaboratzaile atxilotu ditu gaur goizaldean Bizkaian, 2008an Calahorran (Errioxa) Guardia Zibilaren koartelaren aurka ETAk egindako atentatuarekin zerikusia izatea egotzita, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta Efe agentziak informatu duenez.

Hain zuzen ere, atxilotutakoak Urko Izagirre eta Enrique Noya dira. Lehenengoa Algortan (Getxo) atzeman dute, eta bigarrena Bilbon.

2008ko martxoaren 21ean ETAk gauzatu zuen atentatu hori egiteko furgoneta bat utzi izana leporatu diete. Dena dela, ibilgailu hori ez zen koartelaren aurka leherrarazi zutena. Eztandak kalte materialak egin zituen, baina ez zuen inor hil.

Bonba-autoak 70 kilo lehergai zituen, eta Arkaitz Goikoetxea Bizkaia taldeko ustezko buruak (atxilotuta dago) egin zuen lehergailuaren kokapenaz ohartarazteko telefono deia.

Joan den astean Gironan Jon Rosales eta Adur Aristegi atxilotu zituzten operazioan izan dute gaurko atxiloketak abiatzeko argibidea, aipatu iturrien arabera.

Barne Ministerioak zabaldu duenez, Espainiako Poliziak atxiloketen harira egindako miaketetan ''Kloratita'' izeneko liburu bat, kanpin gas botila bat eta ETArekin lotutako dokumentazioa atzeman dituzte.

Horrez gain, Bizkaian lau miaketa egin direla azaldu dute eta arakatze horietan topatutako material informatikoa aztertzen ari direla. Europa Pressen arabera, Poliziak enpresa bat arakatu du Abadiñokoindustriagune batean, eta bi etxebizitza Erandion eta Algortan.

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du Izagirre eta Noya atxilotzea, ETAren Bizkaia taldearen laguntzaileen kontrako operazioaren baitan. Aipatu operazioak irekita jarraitzen duela jakitera eman dute.

Lankideak

Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Urko Izagirre eta Enrique Noya Adur Aristegi eta Jon Rosalesen lankideak dira, hots, lauek enpresa berean egiten dute lan, txosnak muntatzeko zerbitzua eskaintzen duen enpresa batean, hain zuzen ere.

Era berean, atxilotuen egoeraz kezka agertu du, izan ere, "inkomunikazioak tortura ahalbidetzen du eta azken egunetan atxilotutako lagun guztiek torturatuak izan direla salatu dute".




Albisteak (2)

Bideoak (1)