Itxi

Erasotzailea, atxilotuta

Zapatakada Turkiako lehen ministroari Sevillan

Erredakzioa

Ustezko erasotzailea kurdua da, eta atxilotu egin dute. Dena dela, zapatak ez du Erdogan jo.

Badirudi Muntazer al-Zaidi kazetari irakiarrak tendentzia berri bat hasi zuela George W. Bush AEBetako presidente ohiari zapata jaurti zionean.

Bart, 27 urteko mutil bat (Siriako bizilaguna, baina jatorri kurdukoa) atxilotu egin dute Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroari zapata jaurtitzeagatik Sevillako Udaletxetik irteten zegoenean.

Poliziaren iturriek EFEri esan diotenez, atxilotutakoak gutxienez urtebete zeraman Andaluziako hiriburuan bizitzen, baina pasaportea arautzeko edo Espainiatik egozteko prozesua abiatzeko zain zegoen.

Gertakizuna 22:30ean jazo da, Erdogan auto batean sartzekotan zegoenean. Dena dela, Zapatak ez du Erdogan jo, ibilgailua baizik.

Ustezko erasotzailea polizia-etxean daukate, eta 72 orduz galdekatu egingo dute, estatuburu baten aurka atentatua egiten saiatzea egotzita.

Polizia bati erasotzen saiatzea eta agintariei aurre egitea ere leporatu diote.

Gainera, Alfonso XIII.a Hotelean beste pertsona bat atxilotu dute (han egin du lo Erdoganek), Turkiako lehen ministroari "hiltzaile" eta "Kurdistan libre" aldarriak oihukatzeagatik.

Nolanahi ere, identifikatu eta gero aske utzi zuten. Jatorri kurdua dauka, eta antza, harremana dauka zapata jaurti duenearekin.

Hain justu, astelehen honetan 50 militar inguru atxilotu dituzte Turkian, estatu kolpea prestatzen egotea egotzita.