Itxi

EAEAN

"Segurtasun gehiago" eskatu dute Euskotreneko langileek

Euskadi Irratia

Erredakzioa

Lezamako istripuan langile bat hil zela salatzeko greba deitu zuen lan-batzordeak eta ez zuten gutxieneko zerbitzurik eskaini. Langileek lanuztea egin dute 11:00etatik 13:00era epaiketaren kontra.

Euskotrenen bi orduko lanuztea izan da gaur, 11:00etatik 13:00era, lan-batzordearen kontra gaur, 12:30etan hasita, egiten den epaiketa salatzeko. Izan ere, joan den urrian, Euskotrenen aurrez abisatu gabeko greba deitu zuten sindikatuek, tren batek izan zuen istripuan gidaria hil ondoren. Jaurlaritzako Garraio Sailak epaitegietara eraman zuen kasua eta gaur izan da epaiketa.

Lezamako istripua salatzeko greba deitu zuen lan-batzordeak, pasa den urriaren 9an. Lanuzte hura aurrez abisatu gabe egin zenez, ez zuten gutxieneko zerbitzuak ezartzeko nahikoa tarte izan. 100.000 bidaiariri eragin zien protestak.

Euskotreneko zuzendaritzak lan-batzordearen kontra salaketa jarri zuen eta orain epaiketa egin behar da ardurak argitzeko. EAEko Justizia Auzitegian izango da prozesua

Auziaren kontra daudela azaltzeko, Euskotreneko sindikatuek bi orduko lanuztea egin dute 11:00etan hasi eta 13:00 arte. Lan batzordeak dio Euskotreneko zuzendaritzak bere ardurak "ezkutatu nahi" dituela, eta arreta guztia sindikatuengan jarri nahi duela.

Gutxieneko zerbitzuak

Gaur, hala ere, gutxieneko zerbitzuak erabaki ditu Eusko Jaurlaritzak.

Tren, autobus, tranbia eta funikularrei eragin die bi orduko lanuzteak. Protestarekin batera, 11:00etan hasi dira gutxieneko zerbitzuak. Horrela, ordu horretan atera diren tren zein autobusek ohiko orduan bukatu dute bidaia, ez dira atzeratu.

Gainerako ibilbideei dagokienez, tren, tranbai eta baita autobusen kasuan ere, lanuzteak iraun duen tartean norabide bakoitzean zerbitzu bana izan da. Alegia, bi ordu horietan bidaia bat izan da norabide bakoitzeko.

Lan batzordeari ez zaizkio egoki iruditu gutxieneko zerbitzuak eta jada aurreratu du, salatuko dituela.

Ibilbide zehatzei buruz informazio gehiago jasotzeko, Euskotrenen webgunera eta 902 54 32 10 telefonora jotzea gomendatu dute.

Bideoak (1)