Hegaldirik ez
Miarritzeko aireportua itxita dago aire-kontrolatzaileen grebagatik
Erredakzioa
Lanuzteen lehen egunean, gaurko hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte Miarritzeko eta Pauko aireportuetan. Halaber, Pariseko aireportuek euren zerbitzua % 50ean murriztu lezakete.
CGT, FO, UNSA eta CGC sindikatuek deitutako Frantziako aire-kontrolatzaileen grebak Miarritzeko eta Pauko aireportuak itxi ditu gaur. Gaur hasi eta hurrengo larunbatera arte luzatuko da greba eta Biarritzeko 34 langileek deialdiarekin bat egin dute gaur, France Bleu Pays Basque tokiko irratiak jakinarazi duenez.
Gainera, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak (DGAC) atzo ohar batean zehaztu zuenez, Pariseko bi aireportuetan lan egiten duten airelineei euren hegaldiak murrizteko eskatu diete, hain zuzen, % 50ean Orlyn eta % 25ean Roissy-Charles de Gaullen.
Kontrolatzaile-taldeak 2010erako eta 2011rako aurreikusitako lanpostuen murrizketagatik protesta egiten dute.
Sektorea modernizatzea xede duen nabigazio-agentzia baten sorrera salatzen dute sindikatuek. 2008an adostu zuten eta Europan integratutako agentziak Suitza, Alemania, Luxenburgo, Belgika eta Herbehereak biltzen ditu.
Urteko bigarren greba da honakoa. Gobernua prestatzen ari den erreformek lanuzteak eragin zituzten urtarrilean eta Pariseko aireportu nagusietako hegaldien % 40ak bertan behera utzi zituzten orduan.