Obrak egiteko
Jaurlaritzak eta Aldundiak akordioa lotu dute Metroa ordaintzeko
Erredakzioa
Iñaki Arriola Garraio sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak zubi-kreditu bat erabiliko duela "inbertsio beharrak asetzeko".
Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak akordioa lotu dute 2010ean Bilboko Metroak egin nahi dituen obrak ordaintzeko, bi erakundeek jakitera eman dutenez.
Iñaki Arriola Garraio sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak zubi-kreditu bat erabiliko duela Bilboko Metroak Santurtzin, Basaurin eta Getxon egin behar dituen obren "inbertsio beharrak asetzeko".
Arriolak prentsaurrekoa eman du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera bi erakundeek bart lotu zuten akordioaren berri emateko. Azaldu dutenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak 2010erako prestatu duen aurrekontua onartuta, bi erakundeen arteko "desadostasunak" amaitu dira.
Aipatu akordioaren arabera, obrak egiteko behar duten 127 milioi euroko zorpetzea gainditzeko Bizkaiko Garraio Partzuergoaren diruzaintza hondarrak, elkarte publikoen zorpetze gaitasuna, 61 milioikoa, eta 127 milioira iritsi arteko zubi kreditu bat erabiliko dituzte.
Era berean, Bizkaiko Aldundiak zorpetze gaitasuna handitzeko "borondatea" hartu du, baina hori jakina zen, "behar izanez gero" zorpetze gaitasuna handitzeko konpromisoa hartu baitzuen iragan astean.
Iragan asteazkenean piztu zen Metroaren obren inguruko polemika, Jaurlaritzak ez zituelako Partzuergoaren aurrekontuak onartu zorpetzea 127 milioi eurokoa zelako, eta elkarte publikoen gehienezko zorpetzea 61 milioikoa da 2010ean.