Lan-erreforma
Espainiako Bankuak lan-erreforma bizkortzeko eskatu du
Erredakzioa
Espainiako Bankuko buruak aldaketa sakonaren aldeko apustua egin du, egungo negoziazio kolektiboaren sistema baztertzeko, eta erretiroa atzeratzeko proposamena babestu du.
Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuaren gobernadoreak lan-erreforma onartzeko prozesua bizkortzeko eskatu du, “larrialdiko” neurria delako eta egun “ezinbestekoa” delako.
Fernandez Ordoñezek egungo negoziazio kolektiboaren sistema baztertzea aldarrikatu du eta erretiroa atzeratzeko Espainiako Gobernuak egin duen proposamena babestu du.
Ekonomiari buruz hitz egiteko ihardunaldi batzuetan egin ditu adierazpen horiek Espainiako Bankuaren gobernadoreak.
Gainera, lan-erreforma "guztiz beharrezko" baldintza dela jakinarazi du, eta bera barik, eragin askoz "txikiagoa" izango dute gainerako erreformek ekonomiaren lehiakortasunean.
Gobernuak orain arte emandako pausuak "norabide zuzenean" doazela uste du Miguel Angel Fernandez Ordoñezek.
Dena den, konpromiso guzti horiek modu eraginkorrean betetzen ez badira, "Espainiaren sinesgarritasunean eragin oso negatiboa izan dezake".
Erreforma hauetariko batzuek "sakrifizioak" eskatu ditzakete, eta beraz, ahalik eta adostasun handiena lortzea komeniko litzateke.