Itxi

Bilera Ajuria Enean

Krisia gainditzea, lehendakariaren eta Basagoitiren lehentasuna

Erredakzioa

Patxi Lopezek eta Antonio Basagoitik PSE eta PPren arteko egonkortasun hitzarmena aztertu dute, akordioak "osasun ona" duela ondorioztatu dute, zenbait gaitan desadostasunak dituzten arren.

Patxi Lopez lehendakaria eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea terrorismoari aurre egiteko akordioarekin pozik agertu dira eta etorkizunari begira krisiari aurre egiteko neurrietaz hitz egiten dute ere.

Eusko Jaurlaritzari egonkortasuna emateko PPk eta PSEk sinatutako akordiori jarraipena egiteko laugarren bilera egin dute gaur Gasteizen Lopezek eta Basagoitik.

Terrorismoari eta bortizkeriari aurre egiteko hartutako akordioekin pozik daudela esan dute eta hemendik aurrera krisiari aurre egiteko neurrietan erreta jarriko dutela aipatu dute.

Gobernuari egonkortasuna emateko akordioa egonkorra dela eta osasun ona duela esateko agertu dira biak (bakoitzak bere aldetik) bileraren ostean.

Enpresa txiki eta ertainei, autonomoei eta gazteei laguntza eman behar zaiela azpimarratu dute. Era beran, administrazioaren gastua arrazionalizatu behar dela gogoratu dute.

Datorren astelehenean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirela urte bat beteko da, eta Lopez lehendakari izendatu zutela urte bat beteko da ere. Denbora guzti honetan, "neurri handi batean" konpromisoak bete direla gogoratu du lehendakariak.

Ezker abertzalearen agiria

"Abertzale erradikalen agiriak agiri Poliziak ustezko terrorista bat atxilotzen duen bakoitzean argi geratzen da atentatu bat prestatzea edo horretarako talde berriak osatzea zela haien asmoa" , lehendakariaren arabera. Lopezen ustez, "horrek argi uzten du ez dutela gelditzeko asmorik".

"Ezker abertzaleak politika egin behar du, soilik politikako tresnak erabilita", lehendakariaren ustez. Horren ustez, "ekintzak" galdegin ditu, "oraindik ez dudalako bat ere ikusi".

Jaurlaritzak eta PPk dituzten iritziak iritzi -hezkuntza, hizkuntza eta Administrazioaren gastua jarri ditu horren adibide-, PPren leihaltasuna eta "herriarekiko duen konpromisoa" nabarmendu ditu lehendakariak.

Krisiari aurre egiteko neurriak

"Zenbaki magikoak" aurkeztu barik eta hiritarrei ematen zaizkien "zerbitzuen eraginkortasuna gutxitu" gabe, Gobernuaren eta erakunde publikoen gastua murrizteko lan egiten ari direla esan du Lopezek.

EAEko PPko presidentea poztu egin da Euskadin "PPren erantzukizunari esker egonkortasuna lortu delako", baina akordioan aurreikusitako "politika zehatzak" garatzeko eskatu du.

Akordioaren garapena "hobetu" behar dela esan du Basagoitik; izan ere, "ezinezkoa da hiritarrak gerrikoa estutu behar izatea, enpresek nominak ordaintzeko arazoak izatea eta Eusko Jaurlaritza ziztu bizian bizitzea". Hori dela eta, "aurrezte publikoa" egin behar dela esan du.

Ildo horretan, Gobernuaren eta bere 200 elkarte publikoen gastua % 20 behera egitea proposatu du; horretarako, elkarte publikoen partizipazioen salmenta, interes orokorra ez duten elkarteen zuzeneko likidazioa egitea eta kargu nagusien gutxitzea proposatu du.

Enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako alderdi popularrak aurkeztuko duen plana lagunduko duela zin egin du lehendakariak, Basagoitiren arabera.



Bideoak (1)