Lehendakaritza
ArcelorMittal eta Gamesa enpresek Ingurumen Sariak jaso dituzte
Erredakzioa
Consultoria Luminica eta Fundiciones del Estanda konpainiek ere golardoa jaso dute. Patxi Lopez lehendakaria sarien ekitaldian izan da.
ArcelorMittal, Gamesa, Consultoria Luminica eta Fundiciones del Estanda konpainiek jaso dituzte Europako Ingurumen Sariak, garapen jasangarriaren mesedetan egindako lanagatik.
Enpresa horietako ordezkariek jaso dituzte golardoak Lehendakaritzan, Gasteizen, arratsaldean egindako ekitaldian. Patxi Lopez lehendakaria eta Pilar Unzalu Ingurumen sailburua izan dira ekitaldi horretan.
Iberpapel, Vicinay Cadenas eta Ikankronitek enpresek sari horien accesita lortu dute.
Europako Ingurumen Sariak Europako Batzordeak bultzatzen ditu eta EAEn Unzaluk zuzendutako Sailak koordinatzen ditu. Garapen jasangarriaren mesedetan lan egin duten erakundeei publikoki esker ona adieraztea dute helburu golardoek.
"Eredua"
Ekitaldian, sarituak gainerako enpresentzat "eredu" direla azpimarratu du lehendakariak, eta lehiakortasuna eta berrikuntza "kudeaketa berdetik" urrundu behar ez direla erantsi du.
Golardoa sortu zenetik bi hamarkada pasa direnean, "Europar Batasunean enpresa batek ingurumen alorrean jaso dezakeen saririk handiena" dela goraipatu du Unzaluk.
2009-2010eko ediziora 20 bat hautagai aurkeztu dira eta Estatu mailan parte hartuko dute, Ingurumen Ministerioak deituta. Irabazleek Espainia ordezkatuko dute Europako lehiaketan, Bruselan izango den ekitaldian, ekainean.