Itxi

Pirinioetan

Jendarmeriak hiltzat eman ditu bi mendizale nafarrak

Euskadi Irratia

Erredakzioa

Bertan behera geratu dira Armando Nieto eta Alfonso Gonzalezen bilaketa lanak, bizirik topatzeko itxaropenik ez zegoelako. Gainera, elur-jausiak izateko arriskua asko handitu da.

Bertan behera geratu dira Pirinioetan, Lescun (Frantzia) inguruan, iragan igandean galdu ziren bi mendizale nafarrak bilatzeko lanak. Izan ere, erreskate taldeek hiltzat eman dituzte Armando Nieto eta Alfonso Gonzalez.

Gaur, eguna argituta, ez dira bi mendizaleen bila abiatu, zeren erreskate lanak eten egin dituzte zuhurtziagatik.

Zoritxarrez, bi mendizaleak bizirik topatzeko itxaropenik ez dute eta bilaketa arriskutsua da, elur-jausiak izan daitezkeelako.

Eguraldiak hobera egin arte edo eta bi mendizaleen arrastoren bat agertu arte eten dute bilaketa.

Juan Compaine gendarmeen kapitainak eman zuen atzo erabakiaren berri eta "jada presarik ez" dagoela aitortu zuen, "bi gorpuren bila" ari direlako.

Igandean galdu ziren

Armando Nieto eta Alfonso Gonzalezen bila ibili dira igandeaz geroztik Biarnoko Pirinioetan zakurrak, helikopteroak, gendarmeak, suhiltzaileak eta Iruñetik joandako boluntario taldeak.

47 eta 48 urteko bi mendizaleak nora zihoazen esan gabe abiatu ziren mendi aldera. Antza, Billare mendira joan ziren. Oinatzak ikusi dituzte bertan salbamendu taldeek eta mendizaleak eremu horretan dagoen 80 metroko elur pila baten azpian egon daitezkeela uste dute.

Baina elurpean aurkitzeko aparatu elektronikoak autoan utzi zituztenez, bilatze lanak antzuak izan dira.

Albisteak (1)

Bideoak (1)