Anderlecht - Athletic
Jaurlaritza: "Athleticzaleek jasandako erasoa ez da larria izan"
Erredakzioa
Herrizaingo sailburuordeak Radio Euskadin azpimarratu duenez, atzoko gertakaria salbuespena izan da, erasoa pairatu zuten zaleak ez daude larri eta Bruselan bizi dena ez da tentsio giroa.
Rafael Iturriaga Herrizaingo sailburuordeak adierazi duenez, atzo Athleticeko bi zalek jasan zuten erasoa "salbuespeneko gertakaria" izan da. "Ez da arazo gehiagorik izan eta ez dago tentsio handiko girorik, komunikabideetan zabaldu den bezala", erantsi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan azaldu duenez, aipatu zaleak "ez zituzten makilekin eta ukabil amerikarrekin jipoitu; ukabilkada bana eman zieten eta euren egoera ez da larria", argitu du.
Nolanahi ere, erasoa "Athleticeko zaleen bila atera zen antolatutako talde batek" burutu zuela nabarmendu du.
Belgikako Poliziak jarri duen segurtasun dispositiboari dagokionez, Iturriagak azpimarratu du "neurri ugari eta oso zorrotzak" hartu dituztela. Gauzak horrela, "ez dago zertan ezer gertatu beharrik", erantsi du.
Athleticeko 1.400 zale inguru espero dituzte Bruselan, gaur gauean jokatuko den partida ikusteko.