Itxi

Aurkezpena laster

Haurrentzako hiru abentura berri, Elkarren eskutik

Erredakzioa

Olagarroa maskota egokia izan daitekeela uste duen haur baten istorioa, nerabeen lotsaren inguruko testua eta 13 poetaren hegaldiak dira argitaletxearen azken proposamenak.

Haurrentzako hiru liburu berrirekin datorkigu bueltan Elkar argitaletxea. Egun gutxi barru aurkeztuko dituzte Leire Bilbaoren Olagarro bat bainuontzian, Antxiñe Mendizabalen Lotsatia naiz, eta zer? eta egile ezberdinen testuekin osatutako Txori kantariak, poeta hegalariak poesia bilduma.

Olagarro bat bainuontzian
Aitak ez daki zein plan daukan olagarroarentzat. Baina nik badaukat bat, maskotatzat hartzea. Gurasoek, etxean ez dutela ez zakurrik ez katurik nahi esan izan didate beti. Baina ez didate olagarro bat hartzeko debekurik jarri. Beraz, bainuontziari leku egokia iritzi diot Erro bataiatzeko. Tapoia jarri, urez bete, gatza bota eta kito.
Lortuko al du? Leire Bilbao ondarrutarraren bosgarren lana da hau, oraingoan Jose Mari Morcilloren ilustrazioekin.

Lotsatia naiz, eta zer?
Antxiñe Mendizabalek sortu du istorioa, Jokin Mitxelena Eritzeren irudiekin, eta Eki mutikoa dugu bertan protagonista. Oso mutiko lotsatia da eta, hortzetako aparatua jarri diotenetik, are lotsa handiagoa du. Ikasgelako neska bat atsegin du: Lore. Baina ez da ausartzen bere urtebetetzeko txokolatadara gonbidatzera. Lorerengana hurbiltzeko Ekik zer ez du asmatuko!

Txori kantariak, poeta hegalariak
Txoriak poeta direnean eta poetak txori, gauza ederra da kantuz hegan egitea. Ederra, baita ere, kantu hori entzutea, ikustea eta sentitzea.Hamahiru txoriren txiruliruliak, edo, bestela esanda, hamahiru poetaren hegaldiak biltzen dira liburu honetan. Hamahiru poetaren lanei laguntzako Elena Odriozola ilustratzailearen irudiak aurkituko. 2009ko Euskadi Literatura saria irabazi zuen Odriozolak, ilustrazio arloan.