Aurkako meteorologia
Haizea ahulago ibiliko da ostiralean, ziklogenesia heldu aurretik
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak alerta gorria ezarriko du larunbatean, 150 km/h-rainoko haize-ufadak daudelako iragarrita larunbat arratsalderako eta gauerako.
Haizea ahulago ibiliko da ostiralean, eta atsedenaldi txiki bat emango digu. Goizean goiz, oraindik, haizeguneetan zakar ibiliko bada ere, goizean zehar baretuko da, eta gainerako orduetan ahul-bizi ibiliko da.
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak alerta gorria ezarriko du larunbat arratsaldean eta gauean, iragarpenen arabera, haizeak 150 kilometro orduko abiadura har dezakeeelako. Alerta gorria igandeko 4:00etara arte egongo da indarrean, eta ordu horretan maila laranjara jaitsiko da. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ""ziklogenesi leherkorra" baten ondorioz depresio bat helduko da Euskadira eta horrek 150 km/h-rainoko haize-ufadak eragin ditzake larunbateko arratsaldetik igandeko goizalde arte.
Honekin batera, Herri Babeserako Plana ere aktibatuko duela adierazi du Herrizaingok, urakan-haizeek ekar ditzaketen ezbeharrei aurre egiteko baliabide guztiak prest izateko.
Datorren egunetarako
Ostiralean, otsailaren 26an, haizea ahulago ibiliko da; baina larunbateko 10:00etarako, alerta horia ezarriko dute, haizeguneetarako, 100-120 km/h-boladak daudelako iragarrita. Gainerakoan, alerta horia 13:00etan jarriko dute indarrean, eta ordu horretan bertan laranja mailara igoko da itsasaldean eta mendi inguruetan. 16:00etan ezarriko dute alerta gorria, arriskurik handiena aipatzen duena, haizeguneetan, eta 22:00etarako lurralde osoan egongo da indarrean.
Igandeko lehen orduetan, oraindik jarraituko dugu alerta gorrian. 4:00etan maila laranjara jaitsiko da lurralde osoan; ordu horretatik aurrera, boladak 120-140 km/h-koak izan litezke haizeguneetan, eta gainerakoan 100-120 km/h-ko abiadura izan lezakete. Dena den, haizeak ahultzen jarraituko du, eta 7:00etatik 13:00etara arte alerta maila horira jaitsiko da, arriskurik txikiena islatzen duen mailara.
Bilboko Udalak, iragarpena kontuan izanik, herritarrei "plan arduratsuak" egiteko eskatu die, haizeak eragindako alerta ez ahazteko. Halaber, kanpoko jarduera batzuk bertan behera uzteko aukera aztertuko du; besteak beste, eskolaz-kanpoko jarduerak, partidak, erakusketak edo azokak.
Euskal Meteorologia Agentzia Euskalmetek adierazi duenez, komeni da gertakaria hurbiletik jarraitzea, aldaketa txikiek iragarpenak aldatu ditzazketelako.