Batasunaren dokumentua
NaBain elkarlanean aritzeko gonbita egin dio Aralarrek Batasunari
Erredakzioa
Txentxo Jimenezek begi onez hartu ditu ezker abertzalearen hausnarketaren ondorioak eta Batasunarekin "elkarrizketak" izateko prestutasuna agertu du.
Nafarroa Bai koalizioan elkarlanean aritzeko gonbita luzatu dio gaur Aralarrek Batasunari. Txentxo Jimenez Aralarrek Nafarroan duen idazkari nagusiak ohar baten bidez azpimarratu duenez, "koalizioak ateak irekita ditu eta Batasunari ez zaizkio baldintza ezberdinak jarri behar, koalizioaren oianarriak onartzea nahikoa da: giza-eskubide guztiak argi eta garbi errespetatzea eta edozein motatako indarkeria modu esplizituan errefusatzea".
Hori horrela bada, "Aralarrek Batasuna Nafarroa Bain egotea babestuko du", erantsi du.
"Batasunak hasi duen ibilbidea, hots, bere helburu politikoak lortzeko politika zibilaren eta sozialaren alde egin duen apustua modu positiboan baloratzen du Aralarrek", azaldu du.
Hala eta guztiz ere, Txentxo Jimenezen arabera, Batasunak beste urrats bat gehiago eman behar du "politika hori praktikan jarrita".
Horrez gain, bi alderdien arteko harremanak "normalizatzeko bidean", Batasunarekin, "ezker abertzaleko beste sentsibilitate horrekin", hitz egiteko "prestutasun osoa" agertu du.
Amaitzeko, egunen batean Batasuna Nafarroa Bai koalizioan sartzea "polo soberanistarekin ez nahasteko" eskatu du Jimenezek. "Aukera horrek -Batasunak koalizioarekin bat egitea- Nafarroaren errealitatea onartzea suposatzen du", zehaztu du.