Gaurtik aurrera
Antxoaren kanpaina martxan da berriro, 5 urtez itxita egon eta gero
Erredakzioa
Antxoaren arrantza ireki egin dute berriz ere Bizkaiko Golkoan espeziea berreskuratzeko hartutako neurrien ostean. Harrapaketa 7.000 tonara mugatu dute.
Astelehenean hasiko da berriz ere antxoaren kanpaina ofizialki, bost urtetan zehar Bizkaiko Golkoko arrantza galarazi ostean, espezia berreskuratzeko neurri gisa.
Iragan abenduaren 15ean EBko ministroek komunitateko arrantza banatzeko akordio bat egin zuten. Bizkaiko Golkoko arrantza irekitzea ere erabaki zuten.
Harrapaketa 7.000 tonatan mugatu dute, eta kopuru hori Espainia eta Frantziako ontzien artean banatu behar da. Espainiak arrantzaren % 80 eskuratzen du eta Frantziak % 20, 200 tonako ordainarekin batera.
Euskal arrantza elkarteak pozik daude arrantzaren irekierarekin, baina ez daude ados kopuruaren banaketarekin, batez ere Frantziari eman behar zaion 200 tonako ordainarekin.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, adostutakoa baino gehiago harrapatu ez dezaten hurbiletik zainduko du arrantza golkoan.