Sariak
Oscarrak normaltasunera itzuliko dira edizio honetan
Erredakzioa
Gidoilarien greba eta krisialdi ekonomikoa direla eta, 2008 eta 2009ko edizioak normaltasunetik kanpo izan ziren, baina festa giroa glamourra eta alfonbra gorrira bueltatuko dira igande honetan.
Festa giroa Oscar sarietara itzuliko da igande honetan. Azken bi edizioetan gidoilarien greba eta krisialdi ekonomikoa izan ziren ardatz, baina aurten, garai batean bezala, festa erraldoiak izango dira galaren ostean, Variety aldizkariak jakinarazi duenez.
Demi Moorek eta Madonnak eskaintzen dituzten jaiak dira entzutetsuenak, baina baita Elton Johnen afaria eta Hollywoodeko akademiak edo Vanity Fair aldizkariak antolatutakoa.
Vanity Fairrek Sunset Boulevardeko hotel batean ematen duen jaia oso jendetsua izaten da eta pantaila handiko aktoreak hurbiletik ikusteko aukera dute askok. Demi Moorek eta Madonnak elkarrekin egingo dute, abeslariaren managerraren, Guy Osearyren, etxe alboan. Elton Johnek ere gala berezia egingo du, 18. aldiz, HIESaren aurkako fundazioaren alde.
Ekitaldi horietako asko, aldiz, diskretuagoak izango dira, "La teta asustada" edo "La dama y la muerte" filmetako partaideak izango direnak, besteak beste. Azken bi urteotan gastua jeitsi egin zuten, 2008ko gidoilarien greba eta krisialdi ekonomikoak sortutako egoera dela eta. Egoera hori atzean gelditu dela dirudi eta aurten normaltasuna itzuliko da.