Itxi

Krisia Iranen

Jafar Panahi zinemagile irandar ospetsua atxilotu dute

Erredakzioa

2000 urtean Veneziako zinemaldiko Urrezko Palmondoa irabazi zuen zuzendariak babesa agertu zion Mir Husein Musavi oposizio erreformistaren buruari.

Jafar Panahi zinemagile irandar eta Veneziako zinemaldiko Urrezko Palmondoaren irabazlea atxilotu egin dute bart, haren emaztearekin, alabarekin eta beste 15 pertsonarekin batera, Kaleme.org oposizioko webguneak gaur informatu duenez.

Panahik babesa agertu zion Mir Husein Musaviren oposizio erreformistari azken hauteskunde orokorretan.

Aipatu webgunearen arabera, kale jantzian zeuden hainbat agente haren etxebizitzan sartu dira bart, eta han bilduta zeudenak atxilotuta eraman dituzte.

Halaber, etxea miatu dute eta hainbat gauza atzeman, zinemagilearen semeetako baten testigantza aipatuta Kaleme.org webguneak ziurtatu duenez.

Irango iturri ofizialek ez dute baieztatu ez ezeztatu informazioa, eta hango hedabide publikoek ere ez dute eman albistea.

Panahik Veneziako zinemaldiko Urrezko Palmondoa irabazi zuen 2000 urtean, Dayereh filmearekin. Irango zinemagile inportanteenetakoa da, eta atzerrian ospe handienetakoa duena.

Iaz ere atxilotu zuten, hauteskundeen osteko protestetan hildako neskato baten hileta-elizkizunean, hain zuzen ere.

Krisia Iranen

Iran azken urteetako krisi larrienetako batean murgilduta dago. Ekaineko hauteskundeen ostean, ehunka mila pertsona kalera atera ziren Mahmud Ahmadineyad presidentearen garaipenaren aurka protesta egiteko, iruzurra egon zela iritzita.

Harrezkero mobilizazioak ez dira amaitu, eta agintariek zorrotz zapaldu dituzte.

Azken hilabeteetan milaka pertsona atxilotu dituzte, eta 100dik gora kartzelatu. Gainera, hainbati heriotza zigorra ere ezarri diete.